Ekonomia -
pentsioak
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizera eraman du 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarria
Aste hasieran Bilbotik, Bergaratik eta Aguraindik abiatutako zutabeek Arabako hiriburuan egin dute bat eta kale nagusiak zeharkatu dituzte. Legebiltzarreko taldeei euren eskakizunak helarazi dizkiete. Salatu dutenez, 40.000 alargunen pentsioak ez dira 700 eurora heltzen.
EITB Media
Bisitatu dituzten herrietan "harrera izugarria" jaso ondoren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizera eraman du gaur 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarria. 2.000 lagunek manifestazioa egin dute Arabako hiriburuan, "Pentsio funtsik ez, duinak eta publikoak bai" lelopean, asteon EAEko hiru lurraldeetatik abiatutako zutabeek bat eginda.
Martxa astelehenean hasi zen, Bizkaiko zutabea Bilbotik eta Gipuzkoakoa Bergaratik abiatuta, eta asteartean, Arabako zutabea Aguraindik abiatu zen.
Hiru zutabeek Gamarra auzoan egin dute bat goizean, Gasteizen. Ibilbidea oinez egin dutenei EAEko beste hainbat lekutatik autobusez heldutako pentsiodunak batu zaizkie.
Gasteizko iparraldean hasita, hiriburuko erdigunea zeharkatu, eta Plaza Berrira —Gasteizko pentsiodunen protesta gune nagusia— heldu dira. Eusko Legebiltzarrean bukatu dute protesta, talde parlamentarioei euren aldarrikapen nagusiak biltzen zituen idatzia ematea baitzuten asmo.
Espainiako Gobernuak onartutako gutxieneko pentsioa Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 1.080 euroraino osatzea eskatzen du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, eta horretarako "borondate politikoa" baino ez dela behar argudiatu dute. "Ez dago pentsioak ez handitzeko arrazoi politiko eta ekonomikorik", erantsi dute.
Pentsioetan ere genero arrakala dagoela salatu dute
Pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak gogorarazi duenez, "bost urte baino gehiago" daramatzate kopuru bera eskatzen (1.080 euro, 14 ordainsaritan), "gutxienekoa" baita.
Emandako datuen arabera, Hego Euskal Herriko ia 220.000 pertsonaren pentsioa ez da 1.080 eurora heltzen, eta horietako gehienak emakumeak dira. Gainera, salatu dute 40.000 alargunen pentsioa ez dela 700 eurora ailegatzen. Mugimenduaren esanetan, EAEn 230 milioi euro beharko lirateke gutxieneko pentsioa igotzeko, eta 60 bat, Nafarroan.
Azkenik, pentsiodunen erantzuna "oso ona" izan dela esan dute mugimendu horretako ordezkariek, eta pozarren agertu dira igaro dituzten herri guztietan "harrera ederra" jaso baitute.