Ekonomia -
Maiatzaren Lehena
Soldaten igoera eta lan baldintzen hobekuntza izan dira aldarrikapen nagusiak Maiatzaren Lehenean
ELAk eta LABek, nork bere aldetik, greben eta borrokaren garrantzian egin dute azpimarra, eta elkar kritikatu dute, bi sindikatuen artean dagoen "hoztasuna" agerian utzita. CCOOk eta UGTk, bestalde, mezu argia zabaldu dute: "Soldatak igo ezean, gatazkak jarraituko du".
EITB Media
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak greba hauspotu du Maiatzaren Lehen honetan, "hitzarmen onak" eta "herrialde hobea eta bidezkoagoa" lortzeko bidean.
Euskal Autonomia Erkidegoan lidergoa duen sindikatuak ELAren eredu sindikala defendatu du ehunka afiliaturen, ordezkariren eta jarraitzaileren aurrean, Bilboko manifestazioari hasiera eman aurretik. Gainerako sindikatuetatik aldenduta, Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusian egin du protesta ELAk, "Borrokan irabazteko" lelopean.
Lakuntzak berretsi du "gatazka" dela langileen erronkei bidea emateko modu bakarra, alegia, antolakuntza, militantzia eta greba direla "oinarrizko osagaiak".
"Grebei esker herrialde hobe bat lortzeko aukera dago, lan baldintza hobeak dituzten herrialdeek bizitza hobeak bermatzen baitituzte", erantsi du.
ELAren eta LABen arteko adostasun faltaz atsekabetuta, zera galdetu du: "Zer nahiago du patronalak: ELA eta LAB batera egotea ala LAB, UGT eta CCOO elkartzea?". "Bigarren aukera, noski", erantzun dio bere buruari, patronalak akordiorik merkeena bilatzen duela argudiatuta.
LAB: "Borroka sindikalen loraldia bizitzen ari gara"
LABeko koordinatzaile nagusi Igor Arroyok borrokaren beharrari egin dio azpimarra gaurko mintzaldian, aldaketak Elkarrizketa Sozialaren Mahaitik helduko ez direla iritzita. "Patronalari aurre egiteko garrantzitsua da batuta egotea", esan du.
Bilbon sindikatuak egin duen manifestazioaren atarian egin ditu adierazpenok Arroyok. LABek ez du gainerako sindikatuen ibilbidea egin.
ELAri zeharkako aipamena eginda, nabarmendu du ekintza sindikalaren helburua ez dela interesak ateratzea, "aurrerapausoak ematea" baizik.
"Gu geu ez ginen jaio sindikatu gisa hazteko. Bai hazi gara, baina beste asmo batekin jaio ginen, eta helburu horrekin jarraituko dugu aurrerantzean ere", azpimarratu du.
CCOO eta UGT: "Soldatak igo ezean, gatazka egongo da"
CCOOk eta UGTk batera egin dute protesta. Bi sindikatu horietako buruek, Loli Garciak eta Raul Arzak, mezu argia bidali diete enpresariei: "Soldatak igo eta irabaziak partekatzen ez badituzue, gatazka egongo da".
Berba horiekin laburbildu dute Maiatzaren Lehen honetako giltzarria. Bilbon egin dute protesta, sindikatu horietako ordezkarien, afiliatuen eta jarraitzaileen babesarekin.
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusia, Nora Abete eta Teresa Laespada Bilboko Alkatetzarako eta Bizkaiko Aldundirako hautagaiak, Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburua eta Patxi Lopez PSOEk Kongresuan duen bozeramailea ere izan dira Bilboko hitzorduan.
UGTko idazkari nagusiak, bestalde, administrazio publikoei galdegin die negoziazio prozesuetan parte har dezatela, Osakidetzako garbitzaileekin, erresidentzietako langileekin eta beste zenbait arlotako beharginekin piztutako gatazkei irtenbidea bilatze aldera.
Nafarroan, UGT eta CCOO sindikatuek soldata igotzea, prezioak jaistea eta etekinak banatzea eskatu dute Iruñean, Maria Chivite Foru Erkidegoko presidenteak parte hartu duen martxa batean. Bi sindikatuek elkarrizketa sozialaren balioa azpimarratu dute.
Bestalde, aparteko manifestazioak egin dituzten sindikatu abertzaleak ez daude ados elkarrizketa sozialarekin. ELAk UPNren ezkerreko alderdiei aurpegiratu die, Nafarroan zortzi aurrekontu onartuta, "egoera ekonomikoa iraultzeko gai ez izatea", Imanol Pascualek adierazi duenez. LABeko Imanol Carrerak Chiviteri gogorarazi dio "Nafarroako langileen erdiek ez dutela lan duinik edo diru-sarrera eskasak dituztela".
Mobilizazioak Ipar Euskal Herrian
Erretreten erreformaren testuinguruan, milaka pertsona atera dira Baionako karriketara, Frantziako Intersindikalak Maiatzaren Lehenerako deitutako manifestazio nagusian. 14 urteren ostean, protesta bateratua egin du Intersindikalak, Frantziako presidente Emanuel Macronen erreformaren aurrean protesta egiteko, baina gaurko honetan, bereziki, langileen soldatak eta lan baldintzak jopuntu hartuta. "Maiatzaren Lehen bateratu eta herrikoia, legea bertan behera uztearen alde" leloa aukeratu du horretarako. LABek toki eta ordu berean abiatu du protesta.