Ekonomia -

lan istripua

Kamioilari bat hil da AP-68an, Zambrana parean, izandako istripu batean

Suhiltzaileek atera behar izan dute 39 urteko gidaria, ibilgailu barruan harrapatuta geratu baita. Handik gutxira, haren heriotza baieztatu dute bertaratutako osasun-langileek.

Istripua izan duen kamioia. Argazkia: EITB Media
Istripua izan duen kamioia. Argazkia: EITB Media
Istripua izan duen kamioia. Argazkia: EITB Media

0:35

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kamioilari bat, 39 urteko gizonezkoa, hil da gaur AP-68an Zambrana (Araba) parean izandako istripu batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. 

Ezbeharra 07:05ean jazo da aipatutako autobidean, Zaragozara bidean. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, ibilgailu astuna bidetik atera eta irauli egin da. 

Kamioi-gidaria ibilgailuan harrapatuta geratu da, eta suhiltzaileek joan behar izan dute ateratzera. Handik gutxira, osasun-langileek haren heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin. 

AP-68ko erreietako bat itxi dute, Zaragozara bidean, baina ez da ilararik sortu. 

LABek sektoreko baldintza prekarioekin amaitzeko eskatu du

Istripuaren harira, garraioaren sektoreko baldintza prekarioekin amaitzeko eskatu du LAB sindikatuak. Bertatik gogorarazi dutenez, heriotza horrekin, dagoeneko 16 langile hil dira lan istripuz 2023an.

Aste batzuk lehenago, beste garraiolari baten heriotza salatu behar izan zuten, Arcelor enpresarentzat zama garraiatzen ari zela zendutakoa. "Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat", azaldu du LABek; izan ere, iaz 11 garraiolari hil ziren lan istripuz.

Horregatik, sindikatu horretatik esan dute ez direla nekatuko "lan istripuak lan baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun neurri faltaren ondorio direla salatzeaz".

"Prekarietatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira", adierazi du LABek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Lan-istripuak Araba Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak AP68 autobidea gaur Suhiltzaileak