Ekonomia -

Greba hezkuntzan

Nafarroako irakaskuntza publikoko 10.000 langileak grebara deitu dituzte apirilaren 3an

Ratioak jaistea, behin-behinekotasuna murriztea, erosahalmena berreskuratzea, lan gainkarga jaistea eskatu dute, besteak beste, bost sindikatu deitzaileek (LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT).

Bost sindikatuetako ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazkia: @LABnafarroa
Bost sindikatuetako ordezkariak, prentsaurrekoan.
Bost sindikatuetako ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazkia: @LABnafarroa

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek apirilaren 3an grebara deitu dituzte Nafarroako irakaskuntza publikoan aritzen diren 10.000 beharginak. Gaur goizean eman dute deialdiaren berri, Iruñean egindako agerraldi bateratu batean. 

Aldarrikapenen artean, honakoak aipatu dituzte: ratioak jaistea hezkuntzako etapa guztietan, erosahalmena berreskuratzea —KPIari lotutako soldata igoera eta 2010etik galdutako % 20a berreskuratzea—, behargin guztiei karrera profesionala bermatzea, behin-behinekotasuna % 8tik behera murriztea eta lan gainkarga murriztea, ikasleen hezkuntza premiei denbora gehiago eskaini ahal izateko.

Ikasturte honetan egiten duten bigarren mobilizazioa izango da apirilekoa —aurrekoa otsailaren 15ean egin zuten, administrazioko eta osasuneko langileekin batera—. Hain justu, greba horri "entzungor" egitea eta Mahai Sektorialean sindikatuak "gutxiestea" egotzi diete Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari. 

Sindikatuon hitzetan, Foru Gobernuak "legealdi osoa darama Mahai Sektorialeko ordezkaritza sindikala gutxiesten". Are gehiago, otsailaren 15eko greban euren kolektiboak planteatutako aldarrikapenei "inolako erantzunik eman ez izana" egotzi diote gehiengo sindikala osatzen dutenek, eta hala, "beste greba bat" deitu dute apirilaren 3rako. 

Sindikatu deitzaileek nabarmendu dutenez, euren aldarrikapenek, "lan baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzu publikoa nabarmen hobetzea" ekarriko dute. Euren ustez, "hezkuntza gizartea hobetzeko tresna nagusia da, eta, beraz, mimatu beharra dago justizia sozial handiagoa eskuratzeko". Horren ildoan, grebarekin bat egiteko deia egin diete gainerako sindikatuei eta hezkuntza komunitateko beste eragileei.

Kazetarien galderei erantzunez, Pilar Garciak (CCOO) esan du otsailaren 15eko greba "nahiko sendoa" izan zela eta hezkuntza alorrean jarraipen zabala izan zuela, osasungintzan eta administrazioan baino handiagoa. "Halere, ez dugu erantzunik jaso, deitu ere ez digute egin. Legegintzaldi osoa daramagu negoziaziorik gabe, eta beti esaten digute gauza bera: ez dagoela diru gehiago eta ezin direla aurrekontu partidak handitu", erantsi du. 

Euren aurreikuspenen arabera, grebak hilaren 15ekoak "beste jarraipen edo handiagoa" izango du. "Kasu honetan, hezkuntza alorrean deitu dugu, osasungintzatik berezita, gurea ikusarazteko", argitu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa ELA LAB Grebak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntzako albisteak 2024 CCOO UGT Steilas Lan gatazkak Irakasleak