Ekonomia -
Baztan
Erdiz, abeltzaintza tradizionalaren eta meatze-estraktibismoaren arteko pultsua
Magnesitas Navarras enpresak urtean 600.000 tona mineral atera nahi ditu 25 urtez Baztango larre horretatik, baina bertako biztanle asko eta erakunde ekologistak aurka agertu dira.
EFE | EITB Media
Erdizeko larrea, Alduide menditik gertu, kuttuna dute Baztango abeltzainek. Ez alferrik, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) da. Baina haren etorkizuna kolokan dago, Artesiagako meatze-proiektuaren kokalekuetako bat baita.
Roullier multinazional frantsesaren kide den Magnesitas Navarras (MAGNA) enpresaren ekimen honek, urtean 600.000 tona mineral atera nahi ditu 25 urtez Baztango larre horretatik, baina bertako biztanle asko eta erakunde ekologistak aurka agertu dira.
Baztango Udala kontra agertuta, MAGNAk Udalaz Gaindiko Eragina duen Sektore Proiektu (PSIS) gisa izapidetu nahi ditu baimenak; iazko urrian, Nafarroako Parlamentuaren % 80k Foru Intereseko Inbertsio izendapen babestu zuen, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren kontrako botoekin.
Enpresako iturriek EFEri adierazi diotenez, gaur egun Eugin duen aztarnategia, "batez ere Baztango, Erroko edo Esteribarko haranetatik datozen 232 pertsonari lana ematen diena", agortu egingo da "sei edo zazpi urteren buruan". Iturri berberen arabera, "larreetan adituek proposamen bat egin dute proiektua eta jarduera haraneko udalek eta abeltzainek egindako eskaerekin lerrokatzeko", eta "larrearen harrera-ahalmena % 60" handituko dutela adierazi dute.
Ziurtatzen dutenez, "ingurumenaren ikuspegitik, ez dago egungo meategiaren alternatiba errealik Red Natura 2000 eremutik kanpo", eta, gaineratu dutenez, "lehengoratze integratuko eredu bat" aplikatzeko asmoa dute.
Bertako komunitatearen ezezkoa
MAGNA 2005ean saiatu zen proiektu hori zehazten, Baztango Batzar Nagusiaren babesa zuenean. Horri erantzuteko, Erdiz Bizirik plataforma sortu zen handik urtebetera, herri oposizio gisa.
Jon Elizetxe abezltzain baztandarra eta plataformaren bozeramaileak EFEri azaldu dionez, 2008an MAGNAk baztertu egin zuen Erdizeko kokapena eta Cilvetin proiektu berri bat garatzen saiatu zen, baina Auzitegi Gorenak "gelditzea lortu zuen 2015ean", Alduide Mendiaren KBE berari eragiten baitzion.
Hala, duela urte eta erdi, hasierako ideiari heldu zion berriro enpresak, meatzea Erdizen kokatzearena, alegia. Oraingoan baina, "herritarren eta Batzar Nagusiko kideen babesik gabe", Joseba Otondo Baztango alkatearen arabera.
Baztango biztanleria aktiboaren % 5,8 aritzen da profesionalki lehen sektorean; hori dela eta, Baztango egitura sozioekonomikoa "dibertsifikatua" dela dio Otondo, nabarmenduz, hori bai, abeltzaintzak Nafarroako gainerako tokietan baino "askoz garrantzia handiagoa" duela, Nafarroan, ez baita % 2ra iristen jarduera hori. Ondorioz, beste sektore ekonomiko batzuei ere gehiago eragiten diela azpimarratzen du, tokiko denda eta turismoari, esaterako.
Horregatik, bere ustez meatze-ustiaketak aurrera jarraitzeak "etorkizuna hipotekatuko" die eta "etorkizunari ezer gutxi eman", "sakrifizio eremuak" sortzen dituen eredua izaki, "MAGNAko administrazio kontseiluen eta akziodunen aldekoa, tokiko komunitateen kaltetan".
Otondok gogorarazi du Batzar Nagusiak "herri-kontsulta loteslea" planteatu zuela ekimen horiek arautzen dituen Foru Legetik abiatuta, baina ezin izan zela egin, "Espainiako Gobernuaren ezezkoa jaso zuelako". Beraz, beste modu batzuetara probatu zuten, "kontsulta berretsien eredu ez-loteslea eta auzo-alkateen bidezko kontsulta" esaterako, baina horiek ere bertan behera utzi behar izan zituzten, "baimena ukatu zitzaielako".
Hala eta guztiz ere, proiektuaren aurkako jarrerak indartsu jarraitzen du, eta bat egiten du SEO/BirdLife bezalako erakunde ekologistek. Kiko Alvarezek, erakunde horrek Nafarroan eta EAEn duen ordezkariak uste duenez, ezinezkoa da meatze-aldea behar bezala lehengoratzea.
"Ikuspegi naturaletik, bost urtean ezingo da naturak milaka urtetan sortutakoa konpentsatu", azpimarratu du.
Alvarezek "basakeriatzat" jo du proiektua, eta ohartarazi du "mendia jatea" ekarriko duela, "berdeguneko gaina desmuntatuz eta eremuko hidrologian eragina izango duten mendi-lepoak sortuz". Horrez gain, sarbide-errepidea handituko du, eta horrek eragina izango du inguruko pagadian, baita Natura 2000 Sarean ere, eta biodibertsitatean, bertakoan zein migraziokoan.