Ekonomia -

2023rako aurreikuspenak

EAEko BPGa % 1,3 haziko da 2023an, eta Nafarroakoa % 1,2, Laboral Kutxaren aurreikuspenaren arabera

Inflazioak, Laboral Kutxaren iritziz, % 4 egingo du gora Euskadin eta Foru Erkidegoan, eta langabezia tasak apur bat egin lezake gora. Nolanahi ere, "ziurgabetasun handia" dago, zehaztu du erakundeak.

Laboral Kutxako Joseba Madariaga, aurkezpenean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Laboral Kutxako Joseba Madariaga, aurkezpenean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Laboral Kutxako Joseba Madariaga, aurkezpenean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina (BPG) % 1,3 haziko da 2023an, eta Nafarroakoa % 1,2, Laboral Kutxaren aurreikuspen ekonomikoen arabera. Erakundeak, ostegunean, euskal ekonomiarako 2023ko aurreikuspenen txostena aurkeztu du, eta, Laboral Kutxako Ikerketa Saileko zuzendari Joseba Madariagak zehaztu duenez, inflazioak Hego Euskal Herrian % 4 gora egitea kalkulatu dute, eta langabezia tasak "apur bat egin lezake gora". Hori bai, adierazi du Madariagak, "ziurgabetasun handiak" daude aurreikuspen horien inguruan, kontuan izanik ondorengo hilabeteotan aldaketak egoteko aukera dagoela.

Estatu espainiarrerako, Laboral Kutxak aurreikusita du ekonomian % 0,8ko gorakada egotea. 2022ko itxierari dagokionez, aurreikuspena da Euskadiko BPGa % 4,2 haztea, eta Nafarroakoa, aldiz, % 4,1; Estatu espainiarrean % 5,3 egingo du gora. Txostenak, aurreko txostenarekin alderatuta (udaran argitaratu zuten hori), "nabarmen gorantz" zuzentzen du 2022rako kalkulatutakoa (Euskadirako % 3,6koa zen), eta, aldiz, "nabarmen beherantz" 2023rako aurreikusita (% 2,7ko hazkundea zuten kalkulatuta). Ukrainako gerraren iraupena eta horrek arlo energetikoan dituen ondorioak kokatu ditu azalpen gisa, zuzenketa horiek argudiatzeko, Madariagak.

Halaber, Laboral Kutxak, txostenean, adierazi du euroguneko ekonomiak hamarren bat egingo duela behera 2023an; izan ere, Alemaniako BPGak % 0,7 egin lezake behera, eta Italiakoak % 0,1. Frantziakoak 0,1 egingo du gora. Ekonomia indartsu horietako datuen ondorioz, euroguneko ekonomian beherakada izango da, beraz.

Txostenean, Laboral Kutxak aurreikusten du 2022ko amaierako datuek "dezelerazioa" erakutsiko dutela Euskadiko ekonomiari dagokionez, urteko lehen zatiko datuekin alderatuta; izan ere, azken hiruhilekoan hazkundea % 0,1ekoa izango da, eta, hala, EAEko BPGa 2019ko amaierako datuetatik oso gertu kokatuko da, alegia, pandemia aurreko egoeratik oso hurbil. Lan merkatua, esan duenez, "indarguneetako bat" da, afiliatuen kopurua handienetakoa baita. Langabezia tasa, EAEn, % 8,3koa da: "Autonomia erkidego guztiak hartuta, txikienetakoa".

Prezioek, Madariagak aurkezpenean azaldu duenez, % 8,5 egingo dute gora eurogunean 2022an, eta 2023an, urteko batezbesteko gisa, % 6,3 haziko dira, Ameriketako Estatu Batuetako datua gaindituta (azken hori % 4,1 izango da). Horrek eragin lezake interes tasak berriro igotzea, adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak EAE albisteak Laboral Kutxa berriak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Albisteak BPGd Euskadi