Ekonomia -
GARRAIO PUBLIKOA
Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio garraio publikoaren % 50eko deskontuak 2023an luza ditzala
Elkarrekin Podemos-IUk EH Bildurekin egindako proposamenak, azkenean, PSE-EEren eta EAJren aldeko botoa jaso du. Hala ere, EAJk kritikatu du Estatuak beherapenaren % 30 bere gain hartzen ez jarraitzea.
EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu dio Jaurlaritzari 2023an garraio publikoaren % 50eko deskontuak luza ditzala. Laguntza horiek 6 hilabeteren buruan ebaluatuko dira, eta aztertuko da laguntza horiek eragin zituzten baldintzak betetzen diren ala ez. EAJ zalantza zen arren, azkenean, alderdi guztien babesa jaso du zuzenketak, Voxena salbu. Dena dela, EAJk Estatuak beherapenaren % 30 bere gain hartzen ez jarraitzea kritikatu du.
Gogoratu behar da Arabako Aldundiak aurrekontuetan jaso duela deskontuekin jarraitzeko partida bat, Gipuzkoak ere bai, 12 milioi euro, oraingo ekitaldiko hirukoitza, eta Bizkaiak, partidatan jaso ez arren, atzo onartu zuela Batzar Nagusietan.
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak gaia eztabaidatu du ostegun honetan, Elkarrekin Podemos-IUk proposatuta, eta EH Bildurekin transakzio-zuzenketa bat adostu du.
Ekimen horren bidez, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio 2023an luzatzeko irailean ezarritako garraio publikoaren % 50eko deskontuak, hasiera batean aurtengo abenduaren 31ra arte mantenduko zirenak. Gainera, Ganberak eskatu du laguntza horiek datorren urteko seigarren hilabetetik aurrera ebaluatzeko, "baldintzak betetzen diren edo ez" aztertze aldera.
Era berean, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eta administrazio eskudunei eskatu die Euskadiko Garraio Agintaritzaren barruan proposa diezaiela Euskadiko operadore publiko guztiei "garraio tarifen prezioan deskontu sistema progresibo bat ezartzeko eta aplikatzeko" konpromisoa har dezatela.
Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek nabarmendu duenez, "Euskadin badugu gaitasun politiko eta finantzario nahikoa deskontu horiei eusteko, gure familiei laguntzeko eta garraio publikoa sustatzeko".
Hala, garraio publiko sendo baten garrantzia azpimarratu du. Ildo horretan, gogorarazi du neurri horrek eragin zuzena izan duela euskaldunon poltsikoetan, eta eragin ona izan duela trafikoan eta garraio publikoaren erabileran ere.
EAJko Irune Berasaluzek zuzenketaren alde egin du, baina gogorarazi du laguntza horren % 30 Espainiako Gobernuari dagokiola, eta orain EAEko erakundeei eskatzen ari zaiela % 50aren ardura, hau da, prezio osoaren ardura hartzea. Hori dela eta, Madrildik bidea bilatzeko eskatu die Podemosi eta PSOEri. "Gu konpromisoa betetzearen alde gaude, eta hori gaur egungoari eustea litzateke, hau da, % 20 jartzea", adierazi du.
Susana Corcuera sozialistak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak ez zien "inposatu" euskal administrazioei % 30eko laguntza jasotzea, ezta deskontu hori % 20 gehigarri batekin osatzea ere. "Hor Estatuak ez du txintik ere esaten; autonomia bakoitza libre da atxikitzeko edo ez", gaineratu du. Ildo horretan, euskal erakundeek "beren eskumenak gauzatu eta garatu" behar dituztela azpimarratu du.
EH Bilduko Unai Fernandez de Betoñok, berriz, esan du uste dutela garrantzitsua litzatekeela "inbertsioak egitea garraio publikoa hobetzeko, baina eztabaida tarifarioa ere garraio publikoaren duintasunaren parte dela". Hala, azpimarratu du sinatu duten proposamena ona dela.
Bestalde, Muriel Larrea PP+Cs alderdiko legebiltzarkideak azaldu duenez, bere taldea ezin da egoera sozioekonomikoaren "benetako irakurketari" erantzuten dion neurri baten aurka egon, inflazioak familietan duen eragina murrizteko helburua duena.