Ekonomia -

EITB DATA: erosketa-ohiturak

Hego Euskal Herriko biztanleen erdiak baino gehiagok Internet bidez erosi ohi du

Arropa, oinetakoak eta osagarriak dira online erosketen ia % 68, eta ondoren, urrutitik, etxerako ondasunak daude.

EITB Dataren grafikoa. EITB Media.
EITB Dataren grafikoa
EITB Dataren grafikoa. EITB Media.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko biztanleen erdiak baino gehiagok Internet bidez erosi ohi du. Biztanleriaren % 90ek gailu elektroniko baterako sarbidea izateak Internet bidezko balizko erosle kopurua handitzen du. Gainera, kontsumitzaileak gero eta erosoago sentitzen dira komertzio elektronikoarekin, eta erosketa digitalen prozesua normalizatu dute.

Covid-19aren pandemiak ere bultzatu du Internet bidez erosteko joera hori. 2019an, Nafarroak, Madrilek, Kataluniak eta Balearrek soilik gainditzen zuten online erosten zuten biztanleen % 50eko langa. 2021ean, berriz, autonomia erkidego guztiak (Kanariak izan ezik) % 50etik gorakoak ziren.

2022an, Hego Euskal Herriko biztanleen % 57k egin ditu erosketak online gutxienez hiru hilean behin, EITB Data ikerketak txikizkako merkataritzari, erosketa-ohituren bilakaerari eta joerei buruz emandako datuen arabera.

% 57 hori urrun dago esaterako Frantzian (% 66), Suedian (% 78) edo Danimarkan (% 82) egiten diren online erosketa kopurutik. Herrialde horietan online kontsumo handiagoa izateko arrazoiak honako hauek dira: saltokien arteko distantzia fisikoa handiagoa da, dendetara joateko eguraldiaren giroa okerragoa da, eta "kalez kale" ibiltzeko ohitura ez da hain ohikoa. Gainera, herrialde horietan urrutiko salmentako beste modalitate batzuen ibilbidea dago, hala nola katalogo bidezko salmentarena.

EITB Dataren txostenean aztertutako datuen arabera, millennial belaunaldia da online erosketaren protagonista nagusia. 25 eta 44 urte bitarteko gazteek sarriago erosten dute plataforma digitaletan. Ia % 78k diote ohiko eroslea dela.

Zer produktu erosten ditugu Internet bidez?

Batez ere, arropa, oinetakoak eta osagarriak nabarmentzen dira; urrutitik, etxerako ondasunak (etxeko tresnak, altzariak edo jostailuak), kirol-materiala, zaintza pertsonalerako eta higiene produktuak, elikadura eta ekipamendu elektronikoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza albisteak gaur Black Friday Internet EITB Data