Ekonomia -
Lan gatazka
Greba San Tomasen Busturialdeko, Lea-Artibaiko, Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Enkarterrietako Bizkaibusen
Busturialdea Lea Artibai Bus (BLB), Ezkerraldea Meatzaldea Bus (EMB) eta Bizkaibus Vectalia Enkarterri enpresetako langileak mobilizazioak ari dira egiten, soldatan hobekuntzak eskatzeko, eta deialdia testuinguru horretan dago.
EITB MEDIA
Bizkaibuseko zerbitzua Bizkaian ematen duten hiru enpresa esleipendunek greba deitu dute abenduaren 21erako, alegia, Bilbon San Tomas merkatua egingo duten egunerako. UGT sindikatuak jakitera eman duenez, Busturialdea Lea Artibai Bus (BLB), Ezkerraldea Meatzaldea Bus (EMB) eta Bizkaibus Vectalia Enkarterri enpresetako langileak deitu dituzte grebara, hau da, Busturialdean, Lea-Artibain, Ezkerraldean, Meatzaldean eta Enkarterrietan ibiltzen diren Bizkaibus zerbitzuetakoak; izan ere, mobilizazioak ari dira egiten, soldatan hobekuntzak eskatzeko, eta deialdia testuinguru horretan dago.
Hala, BLBko langileek asteazkenean (hilak 16) egingo dituzte lanuzteak, bai eta hilaren 21ean eta 25ean, 5:50etik 9:30era, eta 18:00etatik 21:30era artean. Gainera, azaroko azken astean, eta hilaren 18an eta 30ean, 13:30etik 16:30era artean ere egingo dituzte. Gernikako Azken Astelehenean ere egin zuten greba.
Abenduan, egun hauetan egingo dituzte lanuzte partzialak: 19an eta 22an. Abenduaren 1ean eta 21ean, aldiz, greba egingo dute, eta manifestazioa Bilbon. Egun horietan, Ezkerraldea Meatzaldea Bus (EMB) enpresako langileekin bat egingo dute; azaroaren 17an, 22an, 25ean, 28an eta 29an ere egingo dituzte lanuzteak azken horiek, 7;30etik 9:30era eta 17:30etik 19:30era.
Bizkaibus Vectalia Enkarterri enpresako langileek ere jarraituko dute mobilizazioak egiten; 24 orduko greba egunak izango dituzte azaroaren 21ean eta abenduaren 12an eta 21ean.