Ekonomia -

Kooperatibismoa, krisian

Ucin: "Orona eta Ulmaren eta bertako pertsonen etorkizuna hobea izango da Mondragonen"

Ez Orona, ez Ulma ez dira izan Mondragon Korporazioak gaur Donostiako Kursaalean egin duen kongresuan. Mondragon Korporazioko presidentearen esanetan, bi enpresa industrialak Mondragonetik ateratzeak "ez dio mesederik egiten ez Oronari, ez Ulmari ezta gainerako kooperatibei ere".

Hainbat langile. Argazkia: EITB Media
Hainbat langile.
Mondragon Korporazioak kooperatibismoaren eredua goraipatu du

1:07

N. B. | Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko presidenteak defendatu duenez, "Orona eta Ulmaren eta bertako pertsonen etorkizuna hobea izango da" kooperatiba-taldean jarraitzen badute, "balioak" partekatzen dituztelako eta "lankidetzarako benetako aukera asko" daudelako. "Elkarrekin indartsuagoak gara gero eta konplexuagoa eta ziurgabetasunez betetako mundu honetan", azpimarratu du.

Ucinen esanetan, bi enpresa industrialak Mondragonetik irteteak "ez die mesederik egiten ez Oronari, ez Ulmari, ez beste kooperatibei ere". Halaber, Mondragoneko organoek "ateak zabalik" dituztela eta "hitz egiten jarraitzeko erabateko prestasuna dutela" azpimarratu du.

Ucinek adierazpen horiek egin ditu Mondragonek gaur, asteartea, Donostiako Kursaalean egin duen 2022 Kongresuaren amaieran; bertan, Korporazioko kooperatiba guztien ordezkariak bildu dira. Ulma eta Oronaren balizko irteera izan da hitzordu hau markatu duten gaietako bat. Bestalde, Leire Mugerzak estreinaldia izan du osoko bilkuran, aurtengo urtarrilean presidente izendatu ondoren.

Ulmari dagokionez (Oñatin du egoitza), joan den astean hasi ziren taldearen dibisioen artean bilerak egiten. Oronan ere antzeko prozesua egiten ari dira. Biek ala biek "autonomia" handiagoa edukitzeko atera nahi dute korporaziotik. Aurreikuspenen arabera, bazkideek abenduko lehen hamabostaldian bozkatuko dute erabakia.

Zehazki Oronak eta Ulmak hasitako prozesuaren harira, hiru alderdi azpimarratu ditu Iñigo Ucinek. Lehenik eta behin, bi enpresek ireki dituzten prozesuei buruzko jakinarazpen ofizialik ez dutela izan esan du, eta, gaineratu du, beraz, egoera hori ezin dutela komentatu: "ez dakigu zein izan diren prozesu horiek hartzeko benetako arrazoiak".

Bigarrenik, Ucinek adierazi du etorkizuna elkarrekin ikusten jarraitzen duela. "Mondragon da Oronak eta Ulmak jarraitu beharko luketen espazio naturala", esan du.

Hirugarrenik, azpimarratu du Mondragonek "beti errespetatu duela bi kooperatibaotako bazkideen kolektiboaren erabakia".

Horregatik esan du benetan uste dutela etorkizuna hobeagoa izango dela Mondragonen jarraitzen badute, eta hitz egiten jarraitzeko erabateko prestasuna dutela adierazi du.

Kongresuaren esparruan, "Euskadiko Kutxaren ekarpenak elkarlanerako eta elkartasunerako funts eta tresnetara egokitzea" izeneko ponentzia onartu da. Egokitzapen horren helburua da Euskadiko Kutxaren eta Mondragonen arteko "egungo harremanari eta lankidetza-mailari eustea", eta, horretarako, "haren formatua oinarri jasangarrien gainean egituratzea, egungo banku-erregulazio eta -ikuskapenarekin bateragarriak direnak".
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Donostia Hernani argazkiak Mondragon korporazioa Ekonomia Eguneko albisteak Oñati bideoak Albisteak Enpresaburuak Debagoieneko azken ordukoa Arrasate