Ekonomia -

Elkarrizketa RAdio Euskadin

Garamendi (CEOE), Gobernuak proposatutako soldata igoeraz: "Jarraituko dugun erreferentzia bat da"

Espainiako patronalaren presidenteak esan duenez, exekutiboak "ahaleginak" eskatzen dizkie enpresei soldatak igotzeko, eta gero berak "soldatei eusten die". Ondare zerga kentzearen harira, uste du legeak baimentzen badu, "arrazoizkoa" dela; "herrialdearen aniztasunaren isla da", erantsi du.

Garamendi, BECetik egin dioten elkarrizketaren une batean. EITB Media
Garamendi, BECetik egin dioten elkarrizketaren une batean.
Garamendi, BECetik egin dioten elkarrizketaren une batean. EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Garamendi CEOE Espainiako patronalaren presidenteak nabarmendu duenez, atzo Espainiako Gobernuak funtzionarioentzat proposatu zuen soldata igoera "erreferentzia bat" izango da enpresaburuek soldatak eguneratzeko. "Batzuetan Espainiako Gobernuak ahalegina eskatzen digu enpresa pribatuei, baina gero berak soldatei eusten die", argudiatu du.  

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketaren galderei BECetik erantzun die Garamendik —CEDE Espainiako Zuzendari eta Exekutiboen Konfederazioaren XXI. jardunaldia dago bertan—. Soldaten igoerak negoziatzeko orduan, produktibitateaz eta lehiakortasunaz hitz egin behar dela uste du, enpresak ez direlako homogenoak. Azaldu duenez, Espainiako Estatuan 4.500 negoziazio mahai daude, eta batzuetan, "arrazoizko" akordioak lortu dituzte, eta besteak beste, Arabako metalgintzan erdietsitako aurreakordioa aipatu du horren adibide. Kontrara, argudiatu du ileapaintzaile batek agian ezingo duela igoera hori bere gain hartu. 

Hainbat erkidegok ondare zerga bertan behera utzi dutela eta, enpresaburuak ontzat jo du aukera hori, "legeak baimentzen duelako". "Herrialdearen aniztasunaren isla da. Ez duena balio da, gustatzen ez bazaie, dena zentralizatzea, hori ez baita harmonizazioa", nabarmendu du. 

Gobernuak aberatsei zerga berezi bat ezartzeko Sanchezek duen asmoaz ere mintzatu da Garamendi. "Ekonomia hauteskunde kanpainekin nahasten dugunean, iparra galtzen dugu", esan du. Horren aburuz, "zerga oinarri gehiago eta zerga mota gutxiago behar ditugu". Salatu duenez, Espainian azpiko ekonomia handia da (% 24koa dela esan du), eta "hutsune galanta" dago hor (80.000 milioi euro ingurukoa, bere esanetan). Zergak ordaintzen ez dituzten horiek "gauzak ondo egiten dituzten horiei dumpinga egiten" dietela ere kritikatu du. 

CEOEren presidenteak azpimarratu duenez, begi bistakoa da garai zailak datozela, eta ingurumari horretan, iraileko KPIaren jaitsiera balioan jarri du. "Datu ona" da, horren hitzetan, baina ahaztu gabe inflazio "oso altu" horrekin dagoen "arazo potoloa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Confebask Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak Soldatak