Ekonomia -
siemens gamesa
Niko Cuenca: "Energia berriztagarrien oldea ikusita, negozioa badago, baina offshore ereduan zentratuko da"
Siemens Energyk Gamesaren akzio guztiak erosteko iragarritako eskaintza publikoa dela eta, Niko Cuenca ekonomialariak erabaki horren aurrekariak eta ondorioak aletu ditu Euskadi Irratian.
itxaso leon kareaga | eitb media
Siemens Gamesa Renewable Energyren akzio guztiak erosteko eskaintza publikoa egin du Siemens Energyk. Akzio guztien % 32,9 bereganatzea falta zitzaion konpainia alemaniarrari, eta operazio honekin jabetza osoa eskuratuko luke. Niko Cuenca ekonomialaria Euskadi Irratian izan da, erabaki horren aurrekariak eta ondorioak aletu eta azaltzeko.
Cuencaren arabera, "oso aldaketa nabariak" datoz, konpainiak akzioen % 100 erosi eta burtsako kotizaziotik ateraz gero. Azaldu duenez, "enpresan aldaketa potolo bat egin nahi denean etxe barruan arazorik izan gabe, horrelakoak egiten dira".
Itsasoko eta lurreko sorgailuekin aritzen da enpresa, biak haize energiarekin lotutakoak. Offshore deritzon zatia (itsasoan, kostaldetik urrun dauden instalazioak) ondo funtzionatzen ari da eta, aldiz, arazoak izaten ari dira lurreko azpiegiturarekin: "dagoeneko saldu dituzte sorgailu batzuk", nabarmendu du ekonomialariak.
Hala, "litekeena da hain errentagarria ez den negozio zatiari" uko egitea. "Hortik joko dutela uste dut", izan ere, "konpainiak ez du arazorik izan nahi akziodunen artean".
Lurreko energia eolikoak alde batera utzi eta offshore direlakoen aldeko apustua egiteak eragina izan lezake langileengan. Cuencaren hitzetan, "horrelako fusio edo erosketa bat dagoenean, sinergiak aipatzen dituztenean, baliteke kudeaketa Alemaniatik eramatea, eta jokoan egon litezke Zamudiko lanpostu korporatiboak", bertan baitago zerbitzu zentrala.
Siemens Gamesaren azken emaitzak ikusita, azken urtean bi 'profit warning' argitaratu dituzte, aurreikuspenak beteko ez direla iragartzeko. Edonola ere, ekonomialariak azpimarratu du negozioa egon badagoela, "energia berriztagarrien oldea ikusita". Momentuz, dena den, "offshore ereduan zentratuko da".