Ekonomia -

Enpresak

Ingeniariak, tekniko-zientifikoak, informatikariak eta mekanikariak, enpresek gehien behar dituzten profilak

Adegiren inkesta baten arabera, STEM arloetako beharginak beharko dira. Lau kontratutik hiru ingeniaritzak, Informatika, Matematika, Biologia edo Enpresa-kudeaketako goi-mailako ikasketak dituzten pertsonei egingo zaizkie, baita Fabrikazio Mekaniko, Elektrizitate eta Elektronikakoei ere.

Lanbide Heziketako ikasle bat. EITBren artxiboko irudia.
Lanbide Heziketako ikasle bat. EITBren artxiboko irudia.
Lanbide Heziketako ikasle bat. EITBren artxiboko irudia.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoak aurre egin beharreko "erronka demografiko handiaz" eta aldaketa horiek lan-merkatuan izango duen eragin handiaz jabetuta, Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak "Gipuzkoako enpleguaren eta profil profesionalen beharrak" ezagutzeko inkesta egin du Gipuzkoako enpresen artean laugarren aldiz.

Txostenak jasotzen duenez, datozen 20 urteetan ia 80.000 pertsonako defizita izango da Gipuzkoako lan-merkatuan; izan ere, 2021ean 65 urteko 2.500 pertsona gehiago zeuden 30ekoak baino, eta kalkulatzen dute 2041ean 2.500 horien ordez 47.000 izango direla. Gaur egun 45 urte dituztenak 10 urte dituztenak baino 47.000 gehiago dira.

Inkestaren arabera, etorkizunean, lau kontratutik hiru goi-mailako ikasketak dituzten pertsonei egingo zaizkie: unibertsitate-ikasketak/graduondokoak (% 44) eta goi-mailako heziketa-zikloak (% 30). Batez ere, STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika-ren ingelesezko akronimoa) profilen kontratazioak izango dira: Ingeniaritza industriala, beste ingeniaritza batzuk, Informatika, Matematika eta Estatistika, Biologia eta Kimika edo Zientzia Fisikoak, baita Enpresa Kudeaketa, Ekonomia eta Zuzenbidea alorretako profilak ere. Gainera, Filologia/Itzulpengintzako eta Turismoko profilen eskaerak gora egingo du.

Goi-mailako heziketa-zikloetan, Fabrikazio Mekanikoa, Elektrizitatea eta Elektronika, Enpresa kudeaketa eta Informatika dira gehien eskatzen diren ikasketak.

Eskainiko diren lanpostu berrien lanbide-kategoria nagusiak produkzioko langileak eta langile tekniko-zientifikoak eta komertzialak izango dira.

Kontratazioa eta hautaketa-metodoa

Langile berrien % 60 kontratu mugagabeen bidez egingo dira. 

Lau enpresatik hiruk zuzenean ezagutzen dituzten pertsonak kontratatzen dituzte nagusiki, eta kontratazioen % 21 Prestakuntza Dualeko ikasleak edo enpresetan praktikak egiten dituztenak dira. Era berean, beharginak aurkitzeko gero eta gehiago erabiltzen dituzte enpresek Internet eta sare sozialak, hala nola Linkedin, Infojobs eta Jobandtalent gisako plataformak.

Lanerako jarrera eta prestakuntza egokiak eta erantzukizuna eta iraunkortasuna dira enpresek gehien baloratzen dituzten alderdiak. Hala ere, kontratatzen duten enpresen % 77k diote zailtasunak dituztela behar dituzten profil profesionalak aurkitzeko. Erantzunetan, gabezia gisa, gero eta nabarmenago aipatzen dituzte enpresek prestakuntzarik eta/edo espezializaziorik eza, lanarekiko jarrera edo interes falta eta esperientziarik eza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Enpresaburuak Lanbide Heziketa