Ekonomia -
Banketxeak
PSE-EEk ekimenak aurkeztuko ditu udaletan, bankuek adinekoei egokitutako arreta berma dezaten
Anduezak salatu du 2008az geroztik % 44 banketxe gutxiago ireki dituztela EAEn, eta, ondorioz, zenbait tramite egiteko orduan arazoak sortu direla, dela lehiatilak itxi dituztelako, dela ordutegiak murriztu dituztelako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
PSE-EEk ekimenak aurkeztuko ditu udaletan, EAEko udalerriei zerbitzua eskaintzen dieten administrazioek, enpresek eta erakundeek adinekoei aurrez aurreko arreta berma diezaieten.
Eneko Andueza PSEren idazkari nagusiak bilera egin du astelehen honetan Bizkaiko sozialisten buru Mikel Torresekin. Batzar horretan izan dira, baita, hiru hiriburuetako udaletako ordezkariak, "baztertze finantziarioa" deiturikoa aztertzeko.
Bilera osteko agerraldian, administrazioek eta enpresek altxatutako "hesi digitalaz" ohartarazi du Anduezak, herritarren zati handi bati enbarazu egiten ari direla arrazoituta, "bereziki, banketxeen kasuan".
Anduezak salatu du 2008az geroztik % 44 banketxe gutxiago ireki dituztela EAEn, eta, ondorioz, zenbait tramite egiteko orduan arazoak sortu direla, dela lehiatilak itxi dituztelako, dela ordutegiak murriztu dituztelako, eta betiere online plataformen mesedetan.
Alabaina, sozialistek argi dute ez dela soilik EAEn gertatzen den arazo bat. Hala eta guztiz ere, Anduezak berak onartu du "baztertze finantziari" horri aurre egiteko planak gauzatzen ari direla Estatuko zenbait tokitan, eta EAE ezin dela horretan "atzean geratu".