Ekonomia -
LAN GATAZKA
Greba eguna dute gaur Bizkaibusen zerbitzua ematen duten Avanza Durangaldea enpresako langileek
Enpresa batzordeak eskatzen du, besteak beste, 2020tik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzea. Halaber, bitartekari lanak egitea eskatzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaibusen zerbitzua eskaintzen duten Avanzada Durangaldea enpresako langileak 24 orduko greba egitera deituta daude gaur. Besteak beste, enpresa batzordeak eskatzen du 2020tik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzea. Langileen ordezkariek salatu dutenez, zuzendaritzak "uko egiten dio hitzarmen berria negoziatzeari, eta murrizketa eta aldaketa gehiagorekin erantzuten du".
Avanza Durangaldea enpresak 350 langile eta 75 autobus baino gehiago ditu, eta greba deialdiak Eibar, Elorrio, Ermua, Laudio, Arrasate eta Urduña inguruan dabiltzan autobusei eragingo die.
Goizeko lehen ordutik ekin diete protestei, kontzentrazio eta autobus karabana batekin. Karabana Lemoatik irten da 07:00etan eta Bilbon amaituko da.
Mobilizazio horiekin, egindako hobekuntza planteamenduak onartzeko eskatzen diote langileek zuzendaritzari. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiari bitartekari lanak egitea eskatzen diote.
Urtea hasi zenetik egiten duten bigarren greba eguna da, urtarrilaren 7koaren ondotik.
Gutxieneko zerbitzuak Bizkaibuseko webgunean kontsultatu daitezke.