Ekonomia -

Radio Euskadi

Zubiaurre: "Enpresek arazoak izango dituzte lana sortzeko eta mantentzeko gutxieneko soldata igotzen bada"

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak berriz esan du hitzarmen autonomikoen lehentasuna ez dela inoiz "kezkarako edo eztabaidarako gaia" izan lan esparruan, baina begi onez ikusiko luke lege bihurtzea, EAJk eskatzen duen moduan.

Eduardo Zubiaurre, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Eduardo Zubiaurre, Radio Euskadin.
''Gutxieneko soldata igotzen bada, enpresa askok zailtasunak izango dituzte lana sortzeko eta mantentzeko''

1:42

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak Radio Euskadin izan duenez, Espainiako Gobernuak lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea erabakitzen badu, "enpresa jarduera askok arazoak izango dituzte enplegua sortzeko eta oraingoa mantentzeko", lehengaien eta "mota guztietako kostuen" igoeraz gain, "soldata kostua" ere "asko" igoko da denbora gutxian.

EAEko enpresarien liderrak onartu duenez, gutxieneko soldataren igoerak "irakurketa soziala" du, "tamalez gutxi kobratzen duten kolektiboei eragiten dielako" (40.000 bat langile Euskadin), eta "errealitate hori hor dago", baina enpresa mundutik uste dute "gehiago ordaintzeko mugak dituzten aktibitateei" eragingo diela batez ere, etxeko zerbitzuak eta ostalaritza, kasu. "Seguruenez ez da momenturik honena igoera handien bidetik jarraitzeko", esan du.

Zubiaurre pozik agertu da lan-erreformak aurrera egiteagatik, "hiru aldeek —Gobernua, patronala eta sindikatua— sinatu, egin eta lortu dutelako demokrazian lehen aldiz" eta, gainera, Rajoyren erreformaren "malgutasun elementuak ez dituelako hainbeste aldatu". EAEko patronalarentzat, akordioak "egonkortasuna" ekarriko du eta "etorkizunean lehiatzen jarraitzen ahalbidetuko digu".

Kongresuko bozketa "lasaiagoa eta ustekabe gutxiagokoa izatea" espero zuen Confebaskeko presidenteak. Bere ustez, EAJk eskatzen zuen hitzarmen autonomikoen lehentasuna "dagoeneko bermatuta" dago. Azaldu duenez, 2017an EAEko patronalak eta sindikatuek sinatutako akordioan "oso argi" ezartzen da hitzarmen autonomiko guztien lehentasuna, "oso gutxi" diren arren, lan-negoziazioaren egitura batez ere sektorekoa eta lurraldekoa da eta. Gai hori "ez da inoiz kezkarako edo eztabaidarako gaia" lan-esparruan. Hala ere, begi onez ikusiko luke lege bihurtzea, EAJk eskatzen duen bezala, baina "ez du garrantzirik ezta eragin praktikorik ere".

Zubiaurrek ez du zalantzarik CC OO Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren hurrengo bileran egongo dela, sindikatuak berak esan duenez, eta onartu du akordioek "zilegitasun handiagoa" izango luketela ELAk eta LABek parte hartuko balute, baina "ez dugu ukatu behar hiru aldeak gaudela, horietako baten gehiengoa egon ez arren".

Azkenik, enpresarien buruak baieztatu egin ditu 2022rako enplegua berreskuratzeko perspektibak, baina ikusteko daude maila eta erritmoa. Nabarmendu duenez, lanaren berreskuratzea susperraldi ekonomikoa baino "azkarragoa" izaten ari da, behin-behineko lan-erregulazio espedienteei eta enplegu publikoa sustatzeari esker.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Confebask Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresak Soldatak gaur Sindikatuak Espainian Espainiako Gobernua argazkiak