Ekonomia -
Eustaten datuak
EAEko industria jarduera % 10,4 hazi da 2021eko lehen 11 hilabeteetan
Industriaren bilakaera positiboa izan da lurralde guztietan, batez ere Gipuzkoan, eta industria sektore handi guztietan.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria ekoizpena % 6,6 hazi zen 2021eko azaroan, 2020ko hilabete bereko datuekin alderatuta, eta % 10,4 hazi zen iazko urteko lehen 11 hilabeteetan, Eustat Euskal Estatistika Institutuak prestatutako datuen arabera.
2021eko azaroko indizearen bilakaera positiboa izan da lurralde guztietan (bereziki Gipuzkoan, % 9,1eko igoerarekin; Araban, % 6,9koa izan da; eta Bizkaian, % 3,9koa) eta industria sektore handi guztietan. Hori horrela, kontsumo ondasunek % 17,9 egin dute gora: kontsumo ondasun iraunkorrek (altzariak eta etxetresnak) % 19,0ko igoera izan dute, eta kontsumo ondasun ez-iraunkorrek (elikagaiak, higiene produktuak eta jantziak, besteak beste) % 17,7koa.
Ekipo ondasunak (tartean motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren makinak eta trenbide materiala, aireontziak edo itsasontziak egitea), bestalde, % 8,6 hazi dira aurreko urteko azaroko datuekin alderatuta.
Azkenik, energia (energia elektrikoa eta petrolioa fintzea) % 7,3 hazi da 2020ko azaroko datuekin erkatuta, eta bitarteko ondasunen sektoreak (metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxu eta plastikozko produktuak) ere gorakada izan du, % 2,2koa.