Ekonomia -

Lana

EAJk ez du lan erreforma babestuko erkidegoetako lan-hitzarmenak gailentzen ez badira

"Gaur gaurkoz, EAJk ezetz esango dio lan erreformari", adierazi du Aitor Esteban diputatu jeltzaleak. EH Bilduk ere iragarri du ez duela bat egingo erreformarekin egun dagoen moduan.

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak iragarri du ez diotela babesik emango Espainiako Gobernuak, patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek adostutako lan erreformari, EAEko lan hitzarmenak ez badira nagusitzen Estatukoen aurrean. Mendiak ere, ildo horretatik, esan zuen "lan erreformari amaiera bikaina ematea" izango litzatekeela testuan hori jasotzea.

"Gaur gaurkoz, EAJk ezetz esango dio lan erreformari", adierazi du Estebanek Bilbon komunikabideen aurrean egindako agerraldian.

Bere esanetan, EAJk "alde onak" ikusten dizkio adostutako lan erreformari, baina alderdiarentzat "oinarrizkoa" da "dinamika propioari eustea, Euskadin lan harremanen inguruan de facto dagoen marko propioari".

EAEko "dinamika sindikala" Estatukoaren desberdina dela azpimarratu ostean, Estebanek esan du enpresariekin dituzten harremanak ere desberdinak direla. Horregatik, EAJren Kongresuko bozeramaileak esan du "horri eustea" dela bere alderdiaren nahia, "erkidego mailako lan hitzarmenak nagusitzea", alegia.

Aitor Estebanek aitortu du Espainiako Gobernuak, patronalak eta sindikatuek badakitela jeltzaleek hori nahi dutela, hasieratik adierazi dutelako "argi eta garbi".

"Ziurrenik patronala da gaur egun hori onartzeko arazo gehien dituena, baina hori konpondu ezean, ez dugu erreforma babestuko", gaineratu du.

"Ez dakit Gobernuak norekin eramango duen aurrera proposamena. Baina arazo hori konponduta ikusi ezean, ezin diogu babesik eman erreformari", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Lan Erreformaren Legea Politika EAJ-PNV Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO UGT azken ordukoa CEOE