Ekonomia -
Europako Auzitegi Orokorra
Google konpainiari ezarritako 2.420 milioiko isuna berretsi du Europako Justiziak
Horrela, erraldoi teknologikoak jarritako helegitea atzera bota du Luxenburgoko auzitegiak. Isuna 2017an ezarri zion Europako Batzordeak. Hala ere, epaiari errekurtsoa planteatzeko aukera du, baina Google konpainiak ez du argitu aurkeztuko duen.
Agentziak | EiTB Media
Europako Batzordeak Google multinazional teknologikoari ezarritako 2.420 milioi euroko isuna baieztatu du Europako Auzitegi Orokorrak, Google Shopping prezioak alderatzeko zerbitzuaren bidez merkatuan egindako gehiegikeriengatik.
Konkretuki, erraldoi teknologikoak jarritako helegitea atzera bota du Luxenburgoko auzitegiak. Isuna 2017an ezarri zioten. Hala ere, asteazken honetako epaiari Justizia Auzitegiaren aurrean errekurtsoa planteatzeko aukera du Google konpainiak.
Horrela, Europako Batzordeak multinazional teknologikoari ezarritako hiru isunetatik bat berretsi du Europako Justiziak. Google multinazionalak helegiteak aurkeztu zituen ere, oraindik ebazpenaren zain dauden, 4.340 milioiko isunaren aurka Android auzian eta 1.500 milioiko zigorraren kontra AdSense auzian.
Asteazken honetako sententzian, Google konpainiaren ekiteko moduan "lehiakortasunaren aurkako" asmoak ikusten dituzte Europako epaileek.
Azaldu dutenez, jarrera dominantea berez ez da "kritikagarria", baina Google Shoppingen mesedetan gainerako lehiakideak kaltetzeak "merituzko lehia" printzipioa urratzen du.
Bruselak jarritako isunaren zenbatekoa baieztatu du Auzitegi Orokorrak. Erabakia justifikatzeko arrazoien artean, urraketa "bereziki larria" eta "asmo txarrez egindakoa" izan dela azpimarratu dute epaileek.
Epaiaren berri izan ondoren, ebazpena "oso sakon" aztertuko duela iragarri du Google konpainiak ohar batean, baina ez du argitu EBko Justizia Auzitegiaren aurrean helegitea aurkeztuko ote duen.