Ekonomia -

Etxebizitza

Etxegabetzeek % 12 behera egin dute Euskadin, baina bahiturek % 253 gora

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta aztertu du bilakaera; izan ere, pandemiak eragin handia izan zuen organo judizialen jardueran 2020an.

Etxegabetzeen aurkako mobilizazio bat Bilbon. Artxiboko irudia: EiTB Media
Etxegabetzeen aurkako mobilizazio bat Bilbon. Artxiboko irudia: EiTB Media
Etxegabetzeen aurkako mobilizazio bat Bilbon. Artxiboko irudia: EiTB Media

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2021eko bigarren hiruhilekoan covid-19 pandemia aurreko beheranzko joera berreskuratu dute etxegabetzeek Euskadin; izan ere, % 12,4 egin dute behera 2019ko epe berdinarekin alderatuta. Bahiturek, ostera, ikaragarri egin dute gora, % 253,3 hazi direlako.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta aztertu du bilakaera; izan ere, pandemiak eragin handia izan zuen organo judizialen jardueran 2020an, eta urte arteko alderaketa ez da batere esanguratsua.

Horrela, Euskadin apiriletik ekainera bitartean 253 etxegabetze eraman zituzten aurrera, 2019ko epe berdinean baino % 12,4 gutxiago. 2020ko bigarren hiruhilekoan 21 etxegabetze soilik egin zituzten, 2021ean baino % 1104 gutxiago.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak zehaztu duenez, bigarren hiruhilekoan 59 bahitura izan ziren Euskadin, 2019ko epe berdinean 45 izan zirenean; beraz, % 253,3 egin dute gora.

Hain zuzen ere, Donostiako Amara Berri auzoan, 70 urteko alargun baten etxegabetzea atzeratzea lortu zutela jakinarazi zuten asteartean Kaleratzeak Stop, Alokairu Benta-Berri eta Azora maizterrak plataformek.

Azaldu zutenez, iragan ostiralean Caixabankekin egindako kudeaketak, jabearekin, Coral Homes "funts putrearekin", harremanetan jartzeko, emaitza eman du; izan ere, "kaleratzearen aurkako pikete" bat deitzeko asmoaren berri eman zioten, irailaren 27an egitekoak ziren etxegabetzea gelditzen ez baldin bazuten. Alarguna "bost errenta ez ordaintzeagatik" kaleratu behar zuten, salatu dutenez.

Kaleratzeak Stop kolektiboa pozik agertu da atzerapenarekin, etxegabetzea "salaketari" eta "mobilizazio sozialari" esker eragotzi dutelako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Kaleratzeak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak