Ekonomia -
Higiezinen merkatua
EAEko higiezinen merkatua leheneratu da eta 2018 eta 2019ko zifrak gainditu ditu dagoeneko
Adituek uste baino hobeto eta azkarrago leheneratu da egoera. Bigarren eskuko etxebizitzaren salerosketa igo da gehien, eta operazio guztien % 84 dira, etxebizitza berriarena, aldiz, % 16 jaitsi da. Metro koadroaren prezioa % 0,9 igo da batez beste.
O.P. | Eitb Media
Euskal Autonomia Erkidegoko higiezinen merkatuak buelta eman dio covid-19rak eragindako krisiari eta leheneratu ez ezik, 2018 eta 2019ko zifrak gainditu ditu dagoeneko. 2021ean EAEn 5.790 etxebizitza saldu eta erosi dira, 2007tik hiruhileko batean izandako bigarren kopururik altuena. Horrek erakusten du higiezinen merkatua "bizi-bizi" ari dela erritmoa berreskuratzen, are gehiago, 2018ko eta 2019ko kopuruak gainditu ditu dagoeneko eta "horrelakorik ez zen espero".
Horiek dira EAEko eta Gipuzkoa higiezinen merkatuen inguruko txostenen ondorio nagusiak. Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialak (API) egin ditu txosten horiek, eta astearte honetan aurkeztu dituzte Jose Luis Polo presidenteak eta Luis Fabra Gamerin higiezinen merkatua aztertzeko taldeko zuzendariak.
"Errekuperazioa sendoa izaten ari da salerosketa kopuruari dagokionez, batez ere bigarren eskuko etxebizitzarena asko igo delako", esan dute. Zehazki, hiruhileko honetan % 12,66 hazi da erabilitako etxeen salerosketa, 4896 etxebizitza saldu dira, 2006tik honako daturik onena, Fabrak azaldu duenez.
Merkatua "bizi" ibiltzea espero zuten, 2020ko bigarren hiruhilekoan pandemiak eta konfinamenduak eragindako gainbeheraren ostean, berreskuratze prozesu batean egonik; "pixkanaka" berreskuratzea espero bazuten ere, ez zuten inolaz ere espero 2018ko eta 2019ko zenbakiak gainditzea.
Hala, etxebizitzen salerosketa, oro har, % 6,96 hasi da bigarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 56 ,44 aurreko urteko epe berarekin alderatuta.
Etxebizitza berriaren kasuan, aldiz, % 16,21 jaitsi da salerosketa kopurua.
Metro koadroaren prezioa gora
Prezioei dagokionez, Fabrak nabarmendu du "hazkundea moteltzen doala", artean gorantza jarraitzen duen arren.
EAEko etxebizitzaren metro koadroaren prezioa igo egin da, % 0,09 zehazki, 2809 eurotaraino. Etxebizitza berriaren kasuan igoera % 0,17koa izan da eta bigarren eskukoan % 0,07.
Pisuetan, igoera % 0,68koa izan da batez beste, 2712 euroraino metro karratua; % 2,05 igo da eraikuntza berrietan eta % 0,40ko erabilitakoetan. Txaleten prezioa % 1 jaitsi da, metro karratuko 3297 euroraino batez beste.
Igoera handiagoa izan da 40 metro karratu baino gutxiagoko pisuetan (% 4,98), 40 eta 60 metro karratu artekoetan % 0,10eko beherakada izan da eta 80 metro karratu baino gehiagokoetan % 1,38 igo da.
Azken hamabi hilabeteetan, 243.414 euro ordaindu da batez beste etxebizitzengatik EAEn: % 0,34 egin du gora aurreko hiruhilekotik, eta % 4,35 iaztik.
Gipuzkoan, batez besteko zenbatekoa 269.387 eurokoa da, aurreko hiruhilekoan baino % 0,84 handiagoa, eta urte arteko hazkundea % 5,74koa izan da. Donostiako prezioak dira nabarmenenak, batez beste, 410.764 euro ordaindu da etxebizitzarengatik, serie historikoko maximoa, aurreko hiruhilekotik % 1,36ko eta urte arteko % 11,15eko hazkundearekin.
EAEn erosi diren etxebizitzen % 2,67 atzerritarrek erosi dituzte azken hiruhilekoan, iaz baino % 2,38 gehiago.
Saldu diren etxebizitzen % 84,56 bigarren eskukoak dira, eta % 15,44 etxebizitza berriak (% 14,11 etxebizitza berri libreak eta % 1,33 babestuak).
Lokalei dagokienez, 948 salerosketa egin dira Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko hiru hilabeteetan baino % 11,01 gehiago, metro koadroko 1322 euroko batez besteko prezioarekin, serie historikoko minimoa, hiruhileko batetik bestera % 1,06 jaitsi baita, eta % 11,45 iaztik.