Ekonomia -
'Next Generation' funtsak
EAEk "ahalik eta esfortzu handiena" egingo du Europako funtsek arrakasta izateko, Jaurlaritzaren arabera
Funts horiek 500 bat milioi ekarriko dizkiote EAEri. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Espainiako Gobernuak deitutako Susperraldi, Transformazio eta Erresilientzia Planaren Batzar Sektorialean hartu du parte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak "ahalik eta esfortzu handiena" egingo du 'Next Generation' Europako funtsen erabilerak arrakasta izan dezan. Funts horiek 500 bat milioi euro ekarriko dizkiote EAEri.
Azpiazuk Espainiako Gobernuak deitutako Susperraldi, Transformazio eta Erresilientzia Planaren Batzar Sektorialean hartu du parte, eta horren amaieran egin du hausnarketa.
Ohar bidez, Ekonomia eta Ogasun Sailak azaldu du topaketan funtzionamenduko, jarraipeneko eta informazioko kontu teknikoak argitu dituztela. Baieztatu duenez, Jaurlaritzak aldeztutako hainbat arlori heldu zaie; ildo horretan, ziurtatu du Ministerioak "aztertu" egingo duela funts horietatik eratorritako inbertsio pribatuak hainbat urtetarakoak izatea: "Horrek plangintza egokiagoa izatea ahalbidetuko du".
Horrez gain, adierazi duenez, Euskadik egin duen bezala, beste erkidego batzuek ere eskatu dute susperraldi-, transformazio- eta erresilientzia-proiektuak autonomikoak egon daitezela. Sailaren arabera, aukera hori aztergai izango dute.
Autonomia-erkidego bakoitzak jasoko duen zenbatekoari erreparatuta, azaldu du topaketan ez dutela bestelako xehetasunik eman. 2021eko Europako funtsak autonomia-erkidegoek kudeatuko zituztela aurreratu zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ostiralean.
Azpiazuk emandako kalkuluen arabera, Euskadirentzako diru-kopuru zuzena 500 milioikoa izango da hurrengo hiru urteetan; eta arlo hauetan baliatuko dituzte: hezkuntzan, enpleguan, ingurumenean, gizarte-politiketan, berdintasunean, garraioetan, etxebizitzan, hirigintzan eta energia-eraginkortasunean.
7.250 milioi euro erkidego bakoitzarentzat
Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak jakitera eman duenez, Espainiako Gobernuak 7.250 milioi euro aurreratu dizkie dagoeneko Europako funtsen erkidegoei. Gainera, datozen egunetan banatuko diren beste 200 milioi euro bidean direla aurreratu du.
Sanchezek ostiralean egindako iragarpena gogora ekarriz (erkidegoetako gobernuek funts guztien % 55 kudeatuko dutela esan zuen), Monterok iragarri du aurten Espainiak urtea amaitu baino lehen jasoko dituen 19.000 milioi euroetako 10.500 milioi izango dituztela erkidegoek euren esku. Uda honetan, lehen 9.000 milioi euroak iritsiko dira, eta gainerako 10.000 milioiak Bruselarekin hitzartutako helburu eta mugarri jakin batzuk betetzearekin lotuta daude.
Gainera, Monterok azaldu duenez, ez dago erkidegoek kudeatuko dituzten funts europarrak banatzeko irizpide bakarra, Espainiako Gobernuak eta erkidegoek inbertsioen helburuaren araberako banaketa adosten baitute.