Ekonomia -
Merkataritza
Euskadiren esportazioek % 39,2 egin dute gora urtebetean
Hiru lurralde historikoek, laugarren hilabetez jarraian, balio negatiboak izateari utzi diote. Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Norvegia izan dira Euskadiren bezero nagusiak.
EiTB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunen esportazioetan –2.171,6 milioi euroko balioa–, % 39,2ko igoera erregistratu zen 2021eko maiatzean, aurreko urteko hil beraren aldean; bigarren erregistro onena izan da, 2019ko abendutik, Eustaten datuen arabera.
Bestalde, inportazioek (guztira 1.733,8 milioi) % 62,2 egin zuten gora; igoera izan zen bai produktu energetikoetan (% 169,9) bai ez-energetikoetan (% 45,2).
2021eko maiatzean, saldo komertziala –esportazioak ken inportazioak– positiboa izan da, eta 437,8 milioi eurokoa izan da; hala, estaldura-tasa % 125,2koa izan da.
Hiru lurralde historikoek, laugarren hilabetez jarraian, balio negatiboak izateari utzi diote, eta esportazioetan honako igoera hau izan dute ehunekoetan: Gipuzkoan, % 29,7koa; Araban, % 35,7koa, eta Bizkaian, % 50,6koa.
2021eko maiatzean, bost herrialde (Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Norvegia) izan dira Euskadiren bezero nagusiak, guztizkoaren % 48,8 eurenganatuta (1.060,2 milioi).