Ekonomia -
Finantzazioa
Jaurlaritzak eta aldundiek Ekarpen Legea berritzeko ituna lortu dute, 10 urteren ostean
Zergen bidez bildutako dirutza erakundeen artean nola banatu zehazten duen legea desadostasun iturri izan da azken urteotan. Adostutakoaren arabera, Jaurlaritzak apur bat (% 0,8) gehiago jasoko du bildutako zergetatik.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Finantzazio alorrean, 2012tik katramilatuta zegoen mataza askatzea lortu dute Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek: Ekarpenen Legea berritzeko legea. Erakundeek aurreakordioa iragarri dute ostiral honetan, 2022-2026 eperako.
Zergen bidez bildutako dirutza erakundeen artean banatzeko metodologia ezartzen du legeak (zenbatekoa Jaurlaritzak kupoagatik Espainiako Estatuari ordaindu dion zenbatekoa kendu eta gero kalkulatzen dute). Adostuta zegoen azken Ekarpen Legea 2007koa zen, eta 2011n zuen iraungitze data (akordiorik ezean, hura luzatzen ibili dira ordudanik). Azken bederatzi urteotan desadostasun iturri izan da, batez ere aldundien artean. Bizkaiko Aldundiaren mesedetan, Arabak eta Gipuzkoak baliabide gutxiago zituztela zioten.
Jaurlaritzak eta aldundiek ohar bateratua kaleratu dute aurreakordioaren berri emateko, zertzelada nagusiak aurreratu dituztela. Uztailaren 15ean Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera berezia deituko dute metodologia berria onartzeko. Gerora, Jaurlaritzak gobernu bileran eman beharko dio onespena, eta segidan, Legebiltzarrera bidaliko dute, horrek behin betiko zigilua eman diezaion. Asmoa da urrian egin ohi den Finantzen Euskal Kontseilurako onartuta izatea, erakunde ezberdinek 2022ko aurrekontuak sistema berriari esker prestatu ahal izateko.
Adostutakoaren gakoak
Aldaketa nabarmenena "koefiziente bertikala" delakoan (zergetatik Jaurlaritzak jasotzen duenari esaten zaio) egin dute. Aurrerantzean, zergetatik bildutakoetatik apur bat gehiago (% 0,8) jasoko du, % 70,04tik % 70,81ra igaroko baita. Azken urteetan bere gain hartu dituen eskumenak konpentsatzeko egin dute igoera hori. Aldundietako bakoitzak EAEko gobernuari emandakoa ("koefiziente horizontala"), ordea, ez dute ukitu. Arabak % 16koa du, Gipuzkoak % 33,06koa eta Bizkaiak, %50,94koa.
Beste doikuntza Egokitzapenerako Funts Orokorrean egin dute, % 1etik % 1,45era igo baitute. Igoera horren bidez, aldundi bakoitza bere koefiziente horizontalaren % 99ra heltzen dela ziurtatu nahi dute, lurralde historikoentzako "bermeak handituz".
Azkenik, itundutako zergetan udalek duten gutxieneko partaidetzaren ehunekoa ere handitu dute, % 39,23koa izango da aurrerantzean.