Ekonomia -
Munduko zerga sistema
G7aren zerga akordioa txalotu eta Euskadiren parte-hartzea aldarrikatu du Azpiazuk
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak gogorarazi duenez, multinazionalek "bidezko zerga portzentajea toki guztietan ordaintzea" bilatzen du akordioak.
EiTB Media | Agentziak
G7aren azken goi-bilerak munduko zerga sistema erreformatzeko adostu zuen akordioa txalotu du Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan, baina Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundea bezalako nazioarteko foroetan parte hartu ahal izatea eskatu du.
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak EH Bilduren galdera bati erantzun dio Eusko Legebiltzarreko saioan. Zerga politika Europako eta munduko estrategia berriarekin nola uztartuko duen galdetu dio koalizioak Jaurlaritzari.
Munduko ekonomia garatuenek (AEB, Erresuma Batua, Alemania, Frantzia, Kanada, Italia eta Japonia) akordioa itxi zuten duela egun batzuk G7aren goi-bileran. Multinazional handiek, erraldoi digitalek esaterako, etekinak lortzen dituzten herrialdeetan zergak ordaintzea adostu zuten buruzagiek, gutxieneko % 15eko zerga proposatuz.
Azpiazuk gogorarazi duenez, multinazionalek "bidezko zerga portzentajea toki guztietan ordaintzea" bilatzen du akordioak.
"Multinazionalen jokabidea, batez ere esparru teknologikoan, ez da jasangarria, ez politikoki, ezta ekonomikoki ere; eta beraz, balioa sortzen duten tokietan zergak ordaindu behar dituzte, baita Euskadin ere, noski", adierazi du sailburuak.
Munduko gobernuek "multinazional handien fiskalitatean lehiaketa baino lankidetza aukeratu" izana laudatu du Azpiazuk, "ona" delako, eta Eusko Jaurlaritzak txalotu egin du.