Ekonomia -

Next Generation

Europako funtsen harira erkidegoei "erabakitze ahalmena" ematea eskatu du Azpiazuk

Ogasun sailburua EUDELekin bildu da funtsen alorrean lankidetza bidea zabaltzeko. Horrez gain, kritikatu du Espainiako Gobernua erkidegoei "galdetu barik" ari dela laguntzen irizpideak ezartzen.

Azpiazu eta EUDELeko ordezkariak, bilduta. Argazkia: Irekia
Azpiazu eta EUDELeko ordezkariak, bilduta.
Azpiazu eta EUDELeko ordezkariak, bilduta. Argazkia: Irekia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuaren ustez, Next Generation Europako errekuperazio funtsen alorrean, "ezinbestekoa" da erkidegoetako gobernuek "ekintza eta erabaki ahalmena" izatea, eta ohartarazi du Espainiako Gobernuak horretarako aukera ez emanda, "arrisku handia" legokeela funts horien zati bat galtzeko. 

Ohartarazpena EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariekin egindako bileraren ondotik egin du Azpiazuk. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek lankidetza bide egonkorra ezarri dute udalak prest egon daitezen Europako funtsetarako deialdiak irekitzen direnerako. Helburua da funts horiek heldu ahala gauzatzea, ahalik eta arinen, gainera.

Ogasun sailburuak berretsi egin du Espainiako Gobernuak Europar Batasuneko funtsak banatzeko duen moduaren eta kudeaketaren aurkako kritika. Horren harira, esan du Eusko Jaurlaritza "beste modu batean ikusten" ari dela Sanchezen Gobernuak finantza tresna horrekin lotuta alderdi batzuei eman dien tratamendua.

Pedro Azpiazuk gaitzetsi egin du Sanchezek inbertsiorako irizpide batzuk markatu izana autonomia erkidegoei "aurretik ezer galdetu gabe", tartean horien eskumenen barruan sartzen direnak.

Horrek "arrisku larrian" jar dezake egoera, erkidegoak funts europarrak jasotzeko "aukerarik gabe" gera litezkeelako "zenbait kontutan", EAEn egiten ari diren zenbait proiektu adibidez, "lehenago" egindakoak direnak, eta "Espainiak eskatutako inbertsioak ezingo lirateke justifikatu".

Azpiazuk esan du Eusko Jaurlaritza erkidegoei "malgutasuna eta maniobrarako tartea" uztearen aldekoa dela, "Europaren irizpidea eta Espainiaren asmoa errespetatuz", erkidegoek funtsak "interesekoak" diren eta "inbertsio handia eta izaera eraldatzailea duten" proiektuetara bideratu ahal izateko.

Hala eta guztiz ere, eta udal arloari dagokionez, azaldu du udalek, "hasiera batean", ezingo dituztela funtsak "zuzenean" jaso Estatuaren deialdien bidez, baina Jaurlaritzak funtsen zati bat udaletara zuzenduko duela. Hori horrela, Azpiazuk ziurtatu du funtsen zati handi bat jasoko dutela.

Urdaibaiko Guggenheim

Guggenheim Museoak Urdaibain (Bizkaia) bi egoitza berri izateko EBren funtsak erabiliko ote dituen galdetuta, Azpiazuk esan du Ogasun sailburua dela, ez dela laguntza horien "banatzailea", baina azpimarratu du ezingo direla ekimen batera edo bestera "apeta" gisa bideratu, baizik eta EBk erabaki duenera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Europar Batasuna Guggenheim Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Dirulaguntzak EUDEL gaur