Ekonomia -
Lan-gatazka
Tubacexeko batzordeak baztertu egin du zuzendaritzaren proposamena, "xantaia delako”
129 langile kaleratu ostean, gainerako lanpostuak 2024a arte mantentzea proposatu zuen enpresak. Langileak greba mugagabean daude otsailaz geroztik.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Tubacexeko langile-batzordeak baztertu egin du Amurrioko eta Laudioko lantegietan enplegua 2024a arte mantentzeko zuzendaritzak egin duen proposamena, 129 behargin kaleratu eta gero.
Batzordea osatzen duten sindikatuek (ELA, STAT, CCOO, LAB eta ATAL) salatu dute proposamena "tranpa" dela eta langileei "xantaia egiteko" asmoz egin dutela. Sindikatuek aho batez hartu dute erabakia, eta orain asanbladak antolatuko dituzte, langileek erabaki hori berretsi dezaten.
Iturri sindikalek azpimarratu dute proposamena "tranpa bat" dela. "Lerro artean irakurriz gero, geratu diren beharginei mehatxu egin diete eta, ondorioz, aho batez erabaki dute xantaia honi ezetz esatea", azaldu dute.
Gaurko antolatu dituzten asanbladen harira, langileek batzordearen erabakia babestuko dutela konbentzituta agertu dira.
Lan-erregulazio espedientea aplikatu eta 129 langile kaleratu ostean, Tubacexeko zuzendaritzak duela bi egun helarazi zion enpresa-batzordeari bere proposamena. 2024a arte bi lantegietan gainerako lanpostuak mantentzeko konpromisoa adierazten du, 2021erako ezarritako soldatekin.
Horretarako, baina, baldintza bat jarri zuen: langileak lanera bueltatzea, maiatzaren 31a baino lehen. Beharginak greba mugagabean daude otsailaz geroztik.