Ekonomia -

Covid-19ak eragindako krisia

ITP Aerok PCBn aldi baterako enplegu-erregulazioa egingo duela berretsi du

Aurrez Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan egindako 83 kaleratzeei batuko zaie neurria. Iaz 13 milioi euroko galerak izan zituen hegazkin motorrak egiten dituen enpresak.

ITP Aerok Zamudion duen lantegia. Argazkia: ITP Zamudio
ITP Aerok Zamudion duen lantegia.
ITP Aerok Zamudion duen lantegia. Argazkia: ITP Zamudio

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hegazkin motorrak egiten dituen ITP Aerok galerak izan zituen 2020an, historian lehen aldiz, covid-19aren eraginez. Zehazki, 13 milioi euroko galerak eta 735 milioiko irabaziak (2019an baino % 25 gutxiago) izan zituen iaz, konpainiak gaur jakinarazi duenez. Emaitzei aurre egiteko, kaleratzeak egin baditu ere, Barakaldoko eta Sestaoko (Bizkaia) PCB lantegietan aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea egingo duela berretsi du taldeak.

Iragarpena Carlos Alzola ITP Aeroko buruak egin du gaur emaitzak aurkezteko prentsaurreko telematiko batean.

Alzolaren hitzetan, pandemiak "hegazkingintzako historian izandako krisirik latzena" eragin du, eta ingurumaria horretan, Zamudioko enpresari eragin dio "modu nabarmenean". Nolanahi ere, azpimarratu du enpresak "arin" erantzun diola CORE 21 suspertze planaren bidez. Plan horrek langileriaren % 15 kaleratzea eta "unean uneko doikuntzak" egitea aurreikusten zuen. Behin doikuntza horiek eginda, Alzolak esan du prozesua "ia bukatuta" dagoela eta, aurten behintzat, ez dituztela kaleratze "gehiago" aurreikusi.

ITP Aeroko buruak emandako datuen arabera, 2020ko abenduaren 31n 3.559 langile zituen ITP Aerok, % 11 gutxiago. Gaur gaurkoz, "% 15eko doikuntza hori amaitu dugu  —PCBn egindako 83 kaleratzeak otsailean egin dituzte—. 2022an zer gertatuko den ez dakit", erantsi du.

Kaleratze horiez gain, aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea prestatzen ari da zuzendaritza.

ITP Aeroko arduradunak argudiatu duenez, Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan "enplegu-erregulazioko espedientea PCBn izandako lan-karga beherakada baino txikiagoa izan zen. Lan-karga modu esanguratsuan jaitsi da lantegi horretan, % 50raino", eta hala, esan du iragarritako doikuntzez gain, aldi baterako txostena beharrezkoa dela.

Susperraldia, 2024-2025rako

Alzolak emandako datuen arabera, 734 milioi euroko irabaziak izan zituen taldeak iaz, 2019an baino % 25 gutxiago. Galerei dagokienez, 13 milioi eurokoak izan ziren (etekin garbia 95 milioikoa izan zen 2019an).

2021 urteari begira, ITP Aerok iazkoen antzeko emaitzak espero ditu, salmenten kopurua apur bat murriztuta eta etekinak egonkortuta. Azkenik, Alzolak esan du 2024-2025era arte behintzat ez dutela susperraldirik espero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Multinazionalak Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Lan gatazkak Koronabirusa