Ekonomia -

Poliziaren karga

Ertzaintzak barne ikerketa abiatu du CCOOko ordezkariari egindako erasoa argitzeko

CCOO Euskadik salatu du Ertzaintzak modu "bortitzean" jokatu duela Barakaldon protesta egin duten langileen aurka.

Ertzaintza, PCBko kaleratzeen aurkako protesta indarrez desegiten. Argazkia: EiTB
Ertzaintza, PCBko kaleratzeen aurkako protesta indarrez desegiten. Argazkia: EiTB
Tentsioa ITP Aero enpresaren egoitzaren aurrean, 90 langileren kaleratzeagatik

3:13

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak barne ikerketa jarri du abian Bizkaiko Ezkerraldeko PCB enpresan izan behar diren kaleratzeen aurka langileek egin duten protestan gertatutakoa argitzeko; izan ere, Javi Gomez CC. OO.ren Industria Federazioko idazkari nagusiari sudurra hautsi diote, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordea Loli Garcia CC.OO. Euskadiren idazkari nagusiarekin jarri da harremanetan zaurituaren osasunaz jakiteko eta laster sendatzea espero duela adierazteko.

Horren aurretik, CCOO Euskadik salatu du Ertzaintza modu "bortitzean" oldartu dela Barakaldoko lantegiaren inguruan protesta egiten ari ziren PCBko langileen aurka. "Eserialdi baketsua" egiten ari omen ziren, eta Ertzaintzak "hainbat" lagun zauritu ditu.

Ertzaintzaren jarduera publikoki salatu ostean, sindikatuak iragarri du bide judizialetik ere joko duela.

Era berean, sindikatuak azalpenak eskatuko dizkio Erkorekari "Ertzaintzaren jarrera bortitza" dela eta, "are gehiago Eusko Jaurlaritzak piketarien ustezko indarkeria erabili duenean ITP Aeroko langile batzordearekin ez elkartzeko".

Unai Sordo CCOOren idazkari nagusiak salatu du "eraso onartezina" izan dela Ertzaintzarena. Sordok babes osoa agertu dio CCOO Euskadiren Industria arduradunari, sare sozialen bitartez, greba mugagabean "lanpostuen alde borroka egiten" ari delako.

Bestalde, Segurtasun Sailak adierazi du Ertzaintzaren brigada mugikorreko agenteak enpresako zuzendaritzako kideak zeramatzan furgoneta bat eta langileak zeramatzan autobus bat zaintzen ari zirenean jo dutela ibilgailuei bidea mozten ari ziren langileen aurka, baina ez dela kargarik izan, protestariak espaloira eramateko bastoiak erabaili besterik ez dutela egin.

ELAk gertatutakoa argitzeko eta ardura guztiak bideratzeko eskatu dio Segurtasun Sailari, indarra "neurriz kanpo" erabili dutela iritzita.

EH Bildutik, Mikel Otero legebiltzarkideak Ertzaintzaren "neurrigabekeria" salatu du, eta Miren Larrionek "lan galerari eta lan-gatazkari lotutako etsipenari" EAJk erantzun "poliziala" ematen diola kritikatu du.

Alternatibak, bestalde, "polizia bortizkeria" gaitzetsi du, eta gaineratu "bihar Ortuzar" aterako dela esaten "Ertzaintzaren erantzuna neurrikoa izan zela EH Bilduk zuzendutako istiluen aurrean. Beste bat gehiago EAJren Euskal Oasian".

Podemos Euskadik esan du "ordenari eusteko seriotasuna eta neurria" behar direla, baina PCBren sarreran gertatutakoa "errepresioa” dela eta hori ez dela bidea. Ezker Anitza-IUk, berriz, Iñigo Urkullu lehendakariari galdetu dio ea hori ote den "neurriz jokatzea edo langile klasearen aurkako errepresioa den".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaiko albisteak Barakaldo ELA albisteak Ekonomia EH Bildu Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak CCOO albisteak Lan gatazkak azken ordukoa