Ekonomia -
Pentsioen erreforma
Erretiroa hartzeko legezko adina 66 urtera igo da gaurtik aurrera
Erretiro-pentsioen sistema nabarmen aldatuko da 2021ean. Erretiratzeko adina igotzeaz gain, baldintzak aldatzen dira: pentsioa kalkulatzeko, 24 urtez kotizatutakoa izango da kontuan.
Agentziak | EITB Media
Pentsio-sistema nabarmen aldatzen da 2021ean: erretiro-pentsioa jasotzeko baldintzak aldatzen dira, bai eta zenbatekoa kalkulatzeko formula ere, baina ez gutxieneko kotizazioa, gutxienez 15 urtean mantentzen dena.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak eta gizarte-eragileek 2011n adostutako pentsioen erreformak 2013tik 2027ra bitarteko epea ezarri zuen erretiro-adina 65 urtetik 67ra igotzeko eta 65 urterekin erretiratzen jarraitu ahal izateko kotizatu behar diren urteak luzatzeko.
Hala, gutxieneko adina eta kotizazio-aldia handituz doaz pixkanaka, harik eta 2027an 67 urte bete arte, 38 urte eta 6 hilabeteko gutxieneko kotizazio-aldiarekin.
Pentsioen etorkizuneko erreformaren negoziazioak aurrera jarraitzen du 2021 honetan, derrigorrezko erretiroak eta pentsioa kalkulatzeko epea bezalako gaiekin. Espainiako Gobernuak esan du pentsio-sistemaren "edozein modernizaziok" eragile sozial guztien adostasuna izan beharko duela.
Erretiroa hartzeko legezko adina, 66 urtekoa
2021ean pentsioaren % 100arekin erretiroa hartu nahi duten langileek gutxienez 66 urte beteta izan beharko dituzte. 66 urte horiek beteta izatea eskatuko zaie 37 urte eta hiru hilabete baino gutxiago kotizatu dituztela egiaztatzen dutenei. Aurten, 37 urte baino gutxiago kotizatu dituztenei 65 urte eta hamar hilabete beteak izatea eskatzen zitzaien.
Erretiratzeko baldintzak
37 urte eta hiru hilabete baino gehiago kotizatu izatekotan, 2021ean pentsioaren % 100arekin erretiratu nahi duten langileek 65 urte izan beharko dituzte.
1948tik aurrera jaiotako guztiei eragingo die erretiroa hartzeko adinaren igoera progresiboak. 1960an jaiotakoek ezingo dute pentsioaren % 100 jaso erretiroa 67 urte bete aurretik hartuz gero, ez bada Gizarte Segurantzan 38 urte eta erdi kotizatu dituztela.
Pentsioa kotizatutako 24 urterekin kalkulatuko dute
Pentsioak kalkulatzeko epea 24 urtera arte igoko da 2021ean; 2020an, 23 urte izan dira. Ondorioz, 2021ean, pentsioa kalkulatzeko, azken 24 urteotan kotizatutakoa hartuko da kontuan.
Erretiroko kontribuzio-pentsioa jasotzeko, 15 urtez kotizatu beharko da gutxienez. 15 urte horietako bi, gutxienez, erretiroaren aurreko 15 urteen parte izan behar dira.
Elkarrizketa sozialeko mahaian eztabaidatzen ari diren pentsioen etorkizuneko erreformaren negoziazioan, puntu hori polemika sortzen ari da. Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroaren proposamena da 35 urtera zabaltzea erretiratu berrien hasierako pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epea.
Pentsioek % 0,9 egingo dute gora 2021ean
Pentsiodunen soldata-orrietan, 2021eko urtarriletik aurrera, % 0,9ko igoera izango da. Igoera horrekin, gutxieneko kontribuzio-pentsioek 2-11 euro egingo dute gora, Estatuko aurrekontu orokorretan aurreikusi denez.
Hain zuzen ere, % 0,9ko igoera horrekin, 65 urte eta ezkontidea euren ardurapean dituzten erretiratuentzako gutxieneko pentsioa hilean 851 eurokoa izango da, 14 ordainketarekin (orain arte, 834,4 eurokoa izan da); ezkontiderik gabekoentzat (unitate ekonomiko pertsonabakarrentzat), 689,7 eurokoa (683,5, orain arte); euren ardurapean dagoen ezkontidea dutenentzat, hilean 654,6 eurokoa (orain arte, 648,7 eurokoa izan da).
65 urtetik beherako erretiratuentzat, euren ardurapean dagoen ezkontidea dutenentzako gutxieneko pentsioa 797,9 eurokoa izango da 2021ean (2020an, 790,7 eurokoa izan da); ezkontiderik gabekoentzat, hilean 645,3 eurokoa (orain arte, 639,5), eta, ardurapean dagoen ezkontidea dutenentzat, hilean 609,9 eurokoa (604,4 eurokoa zen).
2021eko erretiroko pentsio maximoa 2.707,49 eurokoa izango da hilean, 14 ordainketarekin; 2020an, gehienez, 2.683,34 eurokoa izan da.
Euskadiko batez besteko pentsioa igotzen ari da: 2020ko abenduan, 1.263 eurokoa izan da. Erretirokoa 1.437,71 eurokoa izan da. Guztira, 263.768 gizon eta 245.765 emakume dira pentsiodunak.
Pentsioen balioa handitzea
2021eko hasieran, pentsioen balioa handitzeko formula berria onartuko dute, Toledoko Itunaren gomendioak onartuta. Toledoko Itunaren proposamena da benetako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekin berriro automatikoki lotzea, eta, hala, amaiera ematea Mariano Rajoyren PPko Gobernuak defiziteko urteetan ezarritako % 0,25 eztabaidagarriari.
Pentsio-sistemaren osoko erreforma
Bitartean, Diputatuen Kongresuak adostu du Toledoko Itunean parlamentu-taldeek urriaren 23an onartutako gomendioen zerrenda abiatzea. Gomendio horiek 2011n eta 2013an erretiroaren gainean ezarritako erreformetako hainbat baldintza malgutzeko neurriekin bat egiten dute.
Orokorrean, egindako aldaketak mantendu egingo dira (adibidez, 67 urteko adina, edo beharrezkoak diren urteak); horiez gain, beste aldaketa batzuk gomendatu dituzte: aurreratutako erretiroan, balioa handitzeko sisteman edo beharrezkoak diren kotizazioetan.
Pentsiodunen iritzia
Pentsioen Sistema Publikoa Babesteko Estatuko koordinatzailea erreformaren aurka azaldu da; izan ere, haren iritziz, negoziazio kolektiboan sortutako enplegu-pentsioen planak sustatzea proposatzen duen gomendioak, azkenean, "pentsioen sistema publikoaren pribatizazioa" sustatuko du.
Halaber, 2011ko pentsio-erreformaren aurka daude. Horren bidez, erretiratzeko adina 67 urtera luzatu zen, pentsioaren % 100 jasotzeko kotizazio-urteen kopurua hazi zen, eta iraunkortasun-faktorea ere ezarri zuten, bizi-itxaropenaren arabera pentsioen zenbatekoa murrizteko.