Ekonomia -

LAN GATAZKA

Aernnovako ekoizpen-kateko langile guztiek bat egin dute lanuztearekin

Goizeko txandan (lantegiko bulegoak ere irekita daude), 10 pertsona inguru joan dira lanera, Juan Carlos Gomez enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez.

Aernnovako langileen manifestazioa, larunbatean, Gasteizen. Argazkia: LAB
Aernnovako langileen manifestazioa, larunbatean, Gasteizen
Aernnovako langileen manifestazioa, larunbatean, Gasteizen. Argazkia: LAB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aernnovak Berantevillan (Araba) duen lantegiko gaueko eta goizeko txandako langile guztiek zortzi orduko lanuztea egin dute kaleratzeen aurka. Zuzendaritzak 101 langile kaleratzeko lan-erregulazioko espedientea aurkeztu du eta hori erretiratzea eskatzen diote langileek enpresari.

Goizeko txandan (lantegiko bulegoak ere irekita daude), 10 pertsona inguru joan dira lanera, Juan Carlos Gomez enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez.

Aeronautika enpresako lantegiko langileak zortzi orduko lanuzteak egiten ari dira astelehen honetan, zuzendaritzak iragarritako lan-erregulazioko espedientearen aurka agertzeko; izan ere, lantegiak Araban dituen 454 langileetatik 101i eragingo die.

Enpresak azaroaren 18an bere asmoak iragarri zituenetik langileek lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte, azkena larunbatean Gasteizen. Iragan ostegunean 4 orduko lanuztea egin zuten eta, gaurkoaren ondoren, beste zortzi orduko lanuztea egingo dute ostegunean.

Gainera, langileen batzordeko ordezkariek agerraldia egingo dute gaur Eusko Legebiltzarreko Lan eta Enplegu batzordearen aurrean, enpresaren egoeraren berri emateko.

Beharginak kaleratzeen aurka agertu dira, Aernnovak bizi duen egoera "aldi baterakoa eta koiunturala" dela iritzita. Hori dela eta, behin-behineko irtenbideak eskatu dituzte. Horrez gain, kaleratzeak saihesteko gatazkan esku hartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Lan gatazkak Añanako Kuadrilla