Ekonomia -

Aurrekontuak

67 milioi euro arteko inbertsioak adostu ditu EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin

Aeronautika sektoreari laguntzeko eta trenbide azpiegutirak berritzeko inbertsioak lortu ditu koalizio soberanistak. Halaber, Espainiako Gobernuak etxegabetzeak geldiaraziko dituela agindu du.

EH Bilduko diputatuak eta senatariak. Artxiboko argazkia: EFE
EH Bilduko diputatuak eta senatariak.
EH Bilduko diputatuak eta senatariak. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk jakinarazi du Estatuko Aurrekontu Orokorraren harira aurkeztu dituen zuzenketak onartu dituela PSOE eta Unidas Podemosen Gobernuak. Hala, aeronautika sektoreari laguntzeko, trenbide azpiegiturak hobetzeko eta Nafarroa Ekialdeko Pirinioetako ekonomia suspertzeko inbertsioak lortu ditu koalizio soberanistak.

Ohar bidez azaldu dutenez, COVID-19ak eragindako krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioz arriskuan dauden enpresak laguntzeko eta kaleratzeak saihesteko asmoz, 10 milioi euroko partida ekonomikoa adostu dute bi aldeek EAErako estrategikoa den sektorea babesteko.

Sektorearen "ikerkuntza, garapena eta berrikuntza bultzatzeko finantzaketa handitzeko" konpromisoa lortu du EH Bilduk  2021ean gauzatuko den Plan Teknologiko bati esker.

Koalizio soberanistak gogoratu du "balio erantsi handiko sektorea" dela aeronautikarena: 5.000 langile inguru dauzka EAEn, eta gaur-gaurkoz lurraldeko BPGaren %6a ordezkatzen du, besteak beste.

"Bereziki Araban errotua eta kokatua dagoen sektorea da aeronautikarena, eta premiazkoa da laguntza plan bat martxan jartzea, lanposturik ez galtzeko eta enpresen etorkizuna bermatze aldera", erantsi dute oharrean.

Trenbide azpiegiturak

Tren azpiegituren arloan, bestetik, datozen lau urteetan abian jartzeko 48 milioi euroko plana adostu du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin, Irun eta Brinkola arteko aldiriko trenen C1 linea eraberritzeko asmoz. Gipuzkoa ekialdeko ia udalerri guztiak zeharkatzen ditu linea horrek, eta lurraldeko milaka bidaiariri ematen die zerbitzua egunero.

"Azken urteotan jasandako abandono onartezin eta erabatekoaren aurrean, EH Bilduk eta gobernuak adostutako zuzenketak geltokien irisgarritasuna eta segurtasuna bermatuko du, bidaiariek eta tokiko erakundeek eskatu bezala", azpimarratu dute.

EH Bilduk adierazi du "linearen eta tren geltokien egoera kaskarra" dela eta, ondorioz, ezinbestekotzat jo du "aldiriko trenen hobekuntzari lehentasuna ematea Adifen urteroko plangintzan, lurraldeko mugikortasuna hobetzeko eta egungo zerbitzua euskal herritarren beharretara egokitzeko asmoz".

Horrez gain, ezkerreko koalizio soberanistak aurrekontuei aurkeztutako beste zuzenketa bati ere sostengua eman dio Espainiako Gobernuak, "RENFEko aldiriko trenak Santurtzitik igarotzean sortzen duen zarata murrizteko, bizilagunen aldarrikapen historikoari bide emanez".

Halaber, 3 milioi euroko zuzenketa bat gehitu die Estatuko Aurrekontu Orokorrei, "Orioko Motondo eta Txurruka paduren ingurunea birnaturalizatzeko eta berreskuratzeko, zonaldeko itsasertza zaintzeko lanak martxan jartzeaz gain".

Nafarroarako inbertsioak

Bestalde, EH Bilduk proposatuta, Espainiako Gobernuak 3 milioi euro bideratuko ditu Nafarroa Ekialdeko Pirinioetako ekonomia suspertzeko plan batean. “Despopulatze arriskuari aurre egitea ahalbidetuko du planak, eta Zaraitzu, Aezkoa eta Erronkari ibarretako batzarrekin hitzarmena eginda sartuko da indarrean”, ziurtatu du koalizioak.

Azkenik, Pedro Sanchezen Gobernuak konpromisoa hartu du N-121-A errepideko lanen proiektura Estatuak bideratutako ekarpena 3 milioi eurotan handitzeko.

"Belateko errepide gisa da ezagun N-121a, eta Nafarroa iparraldeko komunikazio-ardatz nagusia da egun, Iruñea eta Lapurdi lotzen baititu Dantxarinean eta Behobian ezarritako mugen bidez. 76,1 kilometroko luzera dauka, eta aukera egoki eta erabiliena da bidesariak saihestu nahi dituztenentzat, bereziki Madril eta Europa arteko bidea egin ohi duten garraiolari askorentzat", azaldu dute.

Etxegabetzeak gelditzeko konpromisoa

Bestalde, Espainiako Gobernuak iragarri du pandemiak irauten duen bitartean aterpe alternatiborik eskaini gabe erabakitzen diren etxegabetzeak geldiarazteko agindua emango duela bi astetan, EH Bilduk, ERCk eta Unidas Podemosek elkarrekin aurkeztu zuten zuzenketari bide emanez.

EH Bilduk azpimarratu du "urrats garrantzitsua" dela pertsona zaurgarriak etxetik kaleratzea saihestuko delako.  

Horrez gain, koalizio soberanistak proposatuta, Europako Gutun Sozialak berritzea onartu dute, 24 urtez berretsi gabe egon ostean. Ekimen horrek pertsona guztien lan eskubideak eta eskubide sozialak blindatzea du helburu eta, besteak beste, pentsiodunen aldarrikapen nagusiak lortzeko ezinbesteko erreminta dela erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontu Orokorrak