Ekonomia -
Krisia
Ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko plan bat onartu du Eusko Jaurlaritzak
COVID-19aren pandemiak eragin duen krisi ekonomikoari erantzun instituzionala ematea da 'Berpiztu Programa'ren helburua.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak ekonomia suspertzeko eta enplegua sustatzeko 'Berpiztu Programa' onartu du astearte honetan. Galdutako enplegu guztia berreskuratzea eta langabezia-tasa % 10etik behera jaistea da planaren helburua, 130.000 enplegu dinamizatuz.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ostean, Arantxa Tapia Ekonimoaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.
Iñigo Urkullu lehendakariak irailaren 29an aurkeztu zituen oinarriak Elkarrizketa Sozialerako Mahaiarekin eta Mahai sozio-ekonomikoko eragileekin kontrastatu eta jasotako ekarpenak gaur onartutako behin betiko programan sartu dituztela jakinarazi du Zupiriak. Egitasmoa Legebiltzarrera bidaliko dute orain.
Zupiria sailburuak adierazi duenez, 'Berpiztu programa' "osasun-pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko euskal erakundeen erantzuna da; erantzun propioa, izan ere, abiapuntutzat aurrekontu-baliabide propioak hartzen ditu, Europako funts gehigarriak kontuan hartu gabe".
Proiektua aurrera eramateko 13.250 milioi euro jarriko dituzte, aurrekontu-baliabideen eta abal publikoen artean.
Zupiriak azaldu duenez, programak bi ardatz bertikal ditu: ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko ardatzak, hain zuzen ere. Gainera, zeharkako hirugarren ardatz bat gehitu dute: enpleguaren kalitateari eta genero-berdintasunari dagokiona.
"Berpiztu programa irekia eta malgua da, eta Euskadi eraldatzeko lau urterako apustua. Euskadi berdeagoa, digitalagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko balioko du, Europako estrategiarekin bat", esan du Zupiriak.