Ekonomia -
Azpiegiturak
Donostialdeko metroaz "gogoeta" egiteko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari
Azpimarratu du "beste lehentasun batzuk" eduki beharko lituzkeela, tartean Hezkuntza, Osasuna edo pandemiagatik "gaizki pasatuko duten pertsona edo entitateei laguntzea".
agentziak | erredakzioa
Reyes Carrere EH Bilduk Donostiako Udalean duen bozeramaileak Donostialdeko metroaren lanez "gogoeta" egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, "zentzurik ez" dutelako, eta pandemiaren egoera larriaren ondorioz gainkostua beste "lehentasun" batzuetara bideratzea proposatu du.
EH Bilduk deituta Easo plazan egin duten elkarretaratzean parte hartu du Carrerek, beste ehundik gora lagunekin batera, "Zentzugabekeriak goia jo du!" lelopean, metroaren lanen gainkostuari erreferentzia eginez.
Koalizio abertzalearen udal bozeramaileak hedabideei azaldu dienez, Easo eta Mirakontxa arteko lanek "ez dute zentzurik" eta "are larriagoa da" koronabirusaren pandemia kontuan izanda.
Hain justu, tarte horretan egingo duten proiektu berriaren "gainkostua"ren aurrean, Eusko Jaurlaritzak "beste lehentasun batzuk" izan beharko lituzkeela azpimarratu du. Horren harira, Hezkuntza, Osasuna edo pandemiagatik "gaizki pasatuko duten pertsona edo entitateei laguntzea" aipatu ditu premia gisa.
Carrerek Iñigo Urkulluren Jaurlaritzari esan dio "gogoeta" egin dezala "lan horiek duten zentzuaren inguruan", eta gogorarazi du EH Bildu hasieratik jarri zela horren aurka, "ez dituelako mugikortasun arazoak konpontzen" eta "ez delako hiriaren lehentasunetako bat".
"Nahikoa arazo izango ditugu aurrerantzean ere, eta orain beste 50 milioi euro gehitu behar dizkiogu arduragabekeria eta erokeria den proiektu honi", gaineratu du.