Ekonomia -
Langabezia
Euskadiko langabezia-tasa % 10era jaitsi da hirugarren hiruhilekoan
Langabezia 0,8 puntu jaitsi da aurreko hiruhilekoaren datuekin alderatuta, 8.600 langabe gutxiago zenbatu baitituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia-tasak 0,8 puntu egin du behera hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoaren datuekin alderatuta, eta % 10ean kokatu da. Aldi horretan, 8.600 langabe gutxiago zenbatu dituzte, guztira 101.800 langabe zenbatu baitituzte.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak asteazken honetan argitaratu dituen datuek joera-aldaketa positiboa erakusten dute Euskadiko enpleguari dagokionez.
Urteko lehen hiruhilekoan COVID-19aren pandemiaren eraginak lan-merkatuak okerrera egitea eragin zuen, langabezia-tasa % 9,9an kokatu baitzen, 2019ko amaieran (% 9,5) baino okerrago, baina bigarren hiruhilekoan % 10,8ra igo zen.
Okupazioak gora egin zuen zerbitzuen sektorean batez ere, 3.700 pertsona gehiago zenbatu baitzituzten lanean; industrian, 100 pertsona gehiagok aurkitu zuten lana; eraikuntzan, egonkor mantendu zen datua, eta lehen sektorean, berriz, behera egin zuen, 900 pertsonak galdu baitzuten lana.
Datu horiek Eusko Jaurlaritzak 2020rako aurreikusi dituenak baino hobeak dira; izan ere, langabezia-tasa % 11,2ra igoko dela eta 30.000 herritarrek lana galduko dutela aurreikusi zuen Jaurlaritzak.
Hala ere, langabezia-tasa horrek behera egin badu ere, Eustatek zehaztu duenez, kontuan hartu behar da aldi baterako lan-erregulazion dauden langileen faktorea; izan ere, langileen % 98,6 landun gisa hartzen dira, 3 hilabete baino gutxiagoan lanera itzultzea aurreikusten dutelako edo soldataren % 50 baino gehiago kobratzen jarraitzen dutelako.
Gainera, enplegu bila ari ez diren pertsona ez-aktiboen kopurua asko igo da (7.200 gehiago), eta gora egin du enplegua bilatzen ari direla esan arren lan egiteko prest ez daudenen kopuruak (5.600 gehiago) eta lana bilatzeko gestiorik egiten ez dutenen kopuruak (2.500 gehiago).
Hirugarren hiruhilekoan, 916.300 pertsona zeuden lanean EAEn, aurreko hiruhilekoan baino 3.100 gehiago (% 0,3 gehiago), eta jarduera-tasa % 54,5ekoa zen (0,4 puntu gutxiago).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan jaitsi da gehien langabezia, 6.100 langabe gutxiago eta % 6,9ko tasa baitute, erkidegoko batez bestekoaren oso azpitik.
Bizkaian, 2.500 langabe gutxiago zenbatu dituzte, eta tasa % 11,4ra jaitsi da (0,5 puntu gutxiago); Araban, berriz, % 11,7koa izan da (0,1 puntu gutxiago).
Beste datu garrantzitsu bat da 1.200 etxe gutxiago direla pertsona aktibo guztiak langabezian dituztenak, baina 31.700 familiak jarraitze dute egoera horretan.