Ekonomia -

Lan-gatazka

Abian da ITP Zamudioren kaleratzeak salatzeko ELAk deitutako hiru eguneko greba

Modu horretan abiatu ditu gutxienez beste astebetez luzatuko diren mobilizazioak. Hala, enpresa batzordeak hiru greba egun deitu ditu asteazken, ostegun eta ostiralerako.

ITP Aero enpresako langileek Bilbon egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
ITP Aero enpresako langileek Bilbon egindako manifestazio bat.
ITP Aero enpresako langileek Bilbon egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak manifestazioa egin du asteazken honetan, 08:45ean, ITPren instalazioen aurrean, eta, ondoren, Zamudioko Udalaren aurrean, enpresak iragarritako kaleratzeen aurka. Horrela abiatu ditu gutxienez beste astebetez luzatuko diren mobilizazioak. Hala, enpresa batzordeak hiru greba egun deitu ditu asteazken, ostegun eta ostiralerako.

Halaber, ohartarazi duenez, ez du negoziatuko "kaleratzeen prezioa ITPn", eta "alferrikakoa" da enplegu-erregulazioko espedientearekin aurrera jarraitzea; izan ere, enpresak "ez du kaleratzerik behar dela egiaztatu negoziazio-mahaian aurkeztutako dokumentazioarekin".

Ohar batean, ELAk gogorarazi du ia hilabete dela ITP SAUn kaleratze kolektiboaren negoziazio prozesua hasi zenetik, eta langileek ordutik sei greba egun eta mobilizazio ugari egin dituztela "haserrea agertzeko". Alabaina, konpainiak "aurrera jarraitzen du Zamudion 194 langile kaleratzeko asmoarekin", erantsi du.

Sindikatuaren esanetan, "teorian planteamendu horren oinarrian dauden arrazoiak antolaketa eta ekoizpen arlokoak dira", baina, hala ere, "ITPk ez ditu arrazoiak behar bezala egiaztatu, ez du aurkeztu hori justifikatuko lukeen frogarik eta planteamenduaren oinarri diren etorkizuneko aurreikuspenak oso epe luzekoak dira".

ELAk, negoziazioaren hasieratik, "serioa" izateko eta bere planteamendua justifikatzeko eskatu dio enpresari, "194 lanpostu suntsitzea langileentzako drama bat baita", eta joan den astean lan-karga txikiko egoerari aurre egiteko proposamena aurkeztu zuen, "arazo koiuntural baten aurrean gaudelako".

Sindikatuak gogorarazi duenez, lanpostu guztiak (kontratu mugagabeak eta aldi baterakoak) mantentzearen eta enpresak irailaren erdialdera arte aplikatu duen erretiro aurreratuen planarekin jarraitzearen alde egin du bere proposamenean.

Horrez gain, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat eta hitzarmen kolektiboak ahalbidetzen duen lanaldiaren malgutasunerako aukera konbinatzea proposatu du.

ELAren arabera, bere proposamena "guztiz onargarria da enpresarentzat, eta, aldi berean, enpleguari eusten dio eta enpresaren jarduerari baldintza hobeagotan jarraitzea ahalbidetzen du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Bizkaia ELA Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zamudio Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak