Ekonomia -

Koronabirusa

Hezkuntzan COVID-19ari aurre egiteko neurri zehatzak eskatu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek baliabide gehiago eskatzen dituzte, "aurrez aurreko ikasturte segurua" bermatu ahal izateko. Jokin Bildarratzen iragarpena propagandatzat jo dute.

Hezkuntzako sindikatuek Bilbon egindako manifestazioa. Argazkia: EFE
Hezkuntzako sindikatuek Bilbon egindako manifestazioa.
Hezkuntza arloko sindikatuek manifestazioak egin dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioak egin dituzten Bilbon, Donostian eta Gasteizen, "aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua" bermatzeko premiazko neurriak eskatzeko.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta Hezkuntza COVID-19ari aurre egiteko neurri zehatzak hartzeko eskatu diote Steilas, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Eusko Jaurlaritzari. Halaber, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak lantaldea handitzeko egin duen iragarpena "propagandatzat" jo dute.

Sindikatuek manifestazioak egin dituzte arratsalde honetan Bilbon, Donostian eta Gasteizen, "aurrez aurreko ikasturte segurua" aldarrikatzeko eta segurtasun neurriak adostea exijitzeko.

Bilboko mobilizazioa abiatu aurretik, Miren Zubizarreta eta Irati Tobar ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek Jokin Bildarratzek gaur goizean egindako adierazpenak izan dituzte hizpide. Hezkuntzako sailburuak iragarri du 300 irakasle kontratatuko dituzte ordezkapenetarako.     

"Propaganda dela uste dugu. Berriro zifrak aipatu ditu. Abuztuan esan zuen 1000 irakasle gehiago kontratatuko zituztela eta orain 500 aipatu dituzte, baina ez da kontrataziorik gauzatu. Zifrekin jolasean ari dira", salatu du Tobarrek.  

Manifestazioaren amaieran irakurritako agirian, benetako negoziazio batik ekiteko eskatu diote Hezkuntza Sailari, ikasturteko honetarako beharrezkoak diren aparteko baliabideak adosteko.

"Ikasturtean nolabait martxan jarri bada, ikastetxeetako zuzendaritzek eta langileek egindako lanari esker izanda, Hezkuntza Sailak desagertuta baitago", nabarmendu dute.

Halaber, sindikatu ezberdinekin egindako bitariko aurkezpen bilerez gain, Jaurlaritzak ez duela "inolako urratsik" eman eta negoziazioa abiatzeko batzarrik deitu ez duela salatu dute.

"Hezkuntza Sailak datorren asterako deitu duen bilera, sindikatuek, ikasleen gurasoak eta kolektibo ezberdinek egindako mobilizazioen ondotik iritsi da; baina, bitartean, aldebakarreko erabakiak hartzen jarraitzen dute eta adostu gabeko kontratazio prekarioak egiten ari dira, sukaldaritza eta garbiketa bezalako sektoreetan", ohartarazi dute.

"Hezkuntza Sailak ardura bere gain hartu behar du eta berari dagokio ikastetxeetan osasuna eta segurtasun bermatuko duten neurriak hartzea eta baliabideak jartzea, betiere eragile ezberdinekin adostuta", erantsi dute.

Horrela, bada, urriaren 7rako deitu duen bilerara "plan oso bat" negoziatzeko eta adosteko borondatearekin joan dadila galdegin diote.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia ELA LAB Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hezkuntza Manifestazioak Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak Koronabirusa Irakasleen albisteak gaur