Ekonomia -
Lan-erregulazioko espedientea
ITP Aero konpainiako langileek kaleratzeen aurka protesta egin dute Bilbon
Ehunka beharginek ibilbidea egin dute Bizkaiko hiriburuaren Kale Nagusian. Enpresak kaleratzeen negoziazioa, lantegiz lantegi egin beharrean, Estatu mailan egin nahi duela salatu dute.
Agentzia | Erredakzioa
ITP Aero konpainiako ehunka langilek manifestazioa egin dute Bilbon, kaleratzeen aurka protesta egiteko.
Manifestariek ibilbidea egin dute Bizkaiko hiriburuaren Kale Nagusian; Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzak lotu dituzte, hain zuzen ere. EAEko erakundeen inplikazioa eskatu eta kaleratzeen negoziazioa, lantegiz lantegi egin beharrean, Estatu mailan egin nahi dutela salatu dute.
Maskarak jantzita protesta egin dute pankarta atzean. "Enplegua ez dago salgai" bezalako kartelak erakutsi dituzte beharginek mobilizazioan.
Kaleratzeen aurkako protestak aste honetan abiatu dituzte ITP Aeroko langileek. ELA sindikatuak lau greba egun deitu ditu: irailak 15, 17, 22 eta 24.
Rolls Royce Erresuma Batuko enpresa ITPren jabea da. Konpainiak 4.000 bat behargin ditu. 600 bat kaleratze aurreikusi dituzte, eta aldi baterako lan-erregulazioak bukatzen direnean hasiko lirateke.
ELAren hitzetan, lan-erregulazioko espedientea Estatu mailan negoziatzeko asmoa du enpresak. Konpainiak Zamudion (Bizkaia) lantegi bat du, eta beste bi fabrika Madrilen. Zamudioko lantegitik kanpo negoziatzeari uko egin dio ELAk.