Ekonomia -
EAE
Turismoa eta kontsumoa bultzatzeko 620.000 bonuak irailetik aurrera eskuragarri
5, 10 eta 20 euroko deskontuekin EAEko turismoa eta kontsumoa bultzatzea dute helburu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Irailean 620.000 bonu jarriko dituzte eskuragarri EAEko erakundeek, 5,7 milioi euroko aurrekontuarekin, kontsumoari eta turismoari bultzada emateko asmoz, 5, 10 eta 20 euroko deskontuen bitartez.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, Sonia Perezek, Eusko Jaurlaritzan aurkeztu ditu "Euskadi turismo bonoa" eta "Euskadi bono Denda" martxan jartzeko aginduak. Proposamen horrekin Jaurlaritzak, aldundiek eta Eudelek pandemiaren ondorioak arindu nahi dituzte bi sektoreetan.
Merkataritza eta turismoa berraktibatzeko estrategian ulertu behar dira bonuak eta Sailak onartutako 15 milioi euroko laguntzen jarraipena dira. Agindu horiekin pandemiak gogorren jo dituen sektoreetako bi suspertzea dute helburu, baita familien kontsumo berraktibatzea ere, adierazi du Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.
Erkorekak aurreratu du bonuak irailetik aurrera egongo direla eskuragarri, eta orduan plazaratuko direla ekimenaren inguruko xehetasun gehiago.
Aurreratu dutenez, bonuak EAEn bizi den eta 18 urte edo gehiago dituen edozein herritarrek erosi ahalko ditu, eta turismoko bonuen kasuan, kanpotik etorritakoek ere erosi ahalko dituzte.
Deskontu-bonuak izango dira eta merkataritzaren kasuan soilik aukera bat egongo da eskuragarri: 10 euroko deskontua gutxieneko 30 euroko erosketetan. Gehienez 4 bonu eskuratu ahalko dira, asko jota 40 euroko deskontua lortuz.
Turismoan, berriz, hiru motatakoak egongo dira eskuragarri. Lehenak eta bigarrenak ostalaritzarekin, errestaurazioarekin eta turismoko ekintzekin dute zerikusia, eta 5 edo 10 euroko deskontuak izango dira gutxieneko 20 eta 40 euroko erosketetan.
Hirugarrenean deskontua 20 eurokoa izango da gutxieneko 60 euroko erosketetan ostatua ematen duten establezimenduetan. Gehienez ere 2 bonu eskuratu ahalko dira establezimenduko, gehienez ere pertsonako 40 euroko deskontua lortuz.
Sektoreko enpresa eta establezimendu guztiek parte hartu ahalko dute ekimenean, aginduak argitaratu eta hurrengo 3 asteetan. Plataforma baten bitartez eskatu ahalko dute bonu kopuru jakin bat.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak turismoari 2 milioi euro zuzenduko dizkio eta 3,7 milioi merkataritzari, guztira 5,7 milioi euro eta gainerako erakundeek emango dutena gehitu beharko zaio horri. 620.000 bonu banatuko dira guztira: 250.000 turismoa eta ostalaritzara eta 370.000 merkataritzari, lurralde bakoitzaren pisu demografikoak baldintzatuko du banaketa.