Ekonomia -
Koronabirusa
Hezkuntzako sindikatuen mobilizazioa gaur, datorren ikasturtea negoziatzea eskatzeko
Protesta ekitaldia 17:30ean izango da, Bilbon, eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa "negargarria", "aldebakarreko erabakiz betea", salatuko dute.
agentziak | erredakzioa
LAB, Steilas, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek kaleak hartzera eta gaurko mobilizazioarekin bat egitera deitu dituzte euskal hezkuntza publikoko langileak, 17:30ean, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari datorren ikasturtera begira negoziatzea exijitzeko.
Ohar baten bidez sindikatuek esan dutenez, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak maiatzaren 7an EAEko ikastetxeetarako eskola presentzialetara eta ikasturte amaierara itzultzeko plana aurkeztu zuenetik, Hezkuntza Sailaren kudeaketa "negargarria" izan da, "alde bakarreko erabakiz josia, negoziatu eta adostu gabea, eta langileengan, ikasleengan eta familiengan ziurgabetasun-egoera eragin du".
"Astez aste hartu ditu eta baztertu behar izan ditu erabakiak, bereziki hezkuntza komunitatearen presioagatik, maiatzaren 18an aurrez aurreko ikasketetara itzultzeko erabakiaren kasuan bezala", nabarmendu dute.
Era berean, "azalpenik eman ez duen, erantzukizunik bere gain hartu ez duen, pandemiak sortutako salbuespen-egoera baten kudeaketan lidergorik izan ez duen" Hezkuntza Saila aurkitu izana aurpegiratu diote.
Sindikatuek kritikatu dutenez, Hezkuntza Sailak "ez ditu langileen ordezkariekin negoziatu nahi izan segurtasun- eta osasun-neurriak ikastetxeetara itzuli eta aurrez aurreko ikasketen aurrean, eta ez du hezkuntza sare ezberdinetarako irizpide bateraturik eman, ezta negoziatu ere".
Ikasturte amaiera honen aurrean, hezkuntzaren arloko sindikatu guztiek bilera bat eskatu zuten 2020/2021 ikasturtearen hasiera adosteko eta negoziatzeko, eta Hezkuntza Sailari proposamenak eginez bidalitako dokumentu bat erregistratu zuten, datorren ikasturtearen hasiera planifikatzeko kontuan hartu beharreko puntuak jasotzen zituena.
Hezkuntza Sailari egindako proposamenaren inguruan inolako erantzunik jaso ez izana salatu dute sindikatuek. "Are gehiago, hezkuntza arloko beste eragileekin eseri eta hitz egin badute ere, sindikatuok gutxietsi egin gaituzte", nabarmendu dute.