Ekonomia -
Koronabirusa
Sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte osasun publikoaren alde
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek protestak antolatu dituzte ostiral honetarako Eusko Jaurlaritzari osasun arloko politika publikoak lehenbailehen alda ditzala eskatzeko.
agentziak | erredakzioa
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte ostiral honetarako Donostiako, Basurtuko eta Txagorritxuko ospitaleetan, eta Osakidetzaren Lehen Arretako osasun zentroetan, osasun publikoaren alde.
Ohar bateratu batean azaldu dutenez, koronabirusaren krisiak agerian utzi du osasun publikoaren garrantzia, baina azken urteotan "osasungintza negozio-hobi bihurtu da, eta hor ikusi dute batzuek dirua irabazteko aukera, osasun-sistemaren kontura. Hala, osasun publikoaren ahultzearen lekuko izan gara, eta horren ondorioak nabarmenak izan dira osasun-krisi honi aurre egiteko orduan".
"Argi eta garbi esan dezakegu langileen ahaleginari eta inplikazioari esker arindu ahal izan direla gure osasun-sistemaren gabeziak, egunerokoan ere gertatzen den bezala", erantsi dute.
Sindikatuen esanetan, langileek "lan-karga onartezinak" dituzte eta "babes-neurrien falta ikaragarria" dute. "Langile gutxiegiko lantaldeak, krisiari aurre egiteko prestakuntzarik jaso ez dutenak, eta Osakidetza baliabide nahiko eta egokiez hornitu ez dituena" gaineratu behar zaie beste horiei.
Egoera horretan, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzari osasun arloko politika publikoak lehenbailehen alda ditzala eskatzeko.
Osasun publikora bideratutako partida "EBko batez bestekoaren pare jartzeko", "plantilla ugaltzea", "behin-behineko langileak finkatzea, plantilla egonkortzeko" eta "Osakidetzan diru publikoarekin prestaturiko profesionalen ihesa geldiarazteko" eskatzen dute, beste aldarrikapen batzuk egiteaz gainera.
Era berean, "zerbitzu pribatizatuak arlo publikora itzultzea" eta "plantillaren osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak" eskatu dituzte, "hala koronabirusa balizko berragertzeari begira, nola eguneroko lanari begira".