Ekonomia -
Koronabirusa
Urkulluk iragarri du 140 milioi bideratuko dituztela enplegua berreskuratzeko
Suntsitutako lanpostuak berreskuratzeko egitasmo bat izango da, lau zatitan banatuta: udal mailan, langabeen heziketa, langileen heziketa eta HEZIBI egitasmoa.
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du 140 milioi euroko partida bideratuko dutela COVID-19aren krisiaren ondorioz suntsitutako enplegua berreskuratzeko. Gobernu Kontseiluan onartutako egitasmo hori lau zatitan dago banatuta, eta enplegua berreskuratzea du helburu.
Alde batetik, 42 milioi euro emango zaizkie udalei enplegua sustatzeko tokian tokiko egitasmoak gara ditzaten. Laguntza horiek emateko garaian, lehentasunezko eremuak izango dira lehenak.
Bestalde, 66 milioi euroko inbertsioa egingo dute langabeen heziketarako. Horrez gain, pertsona horiek lan munduan sartzeko, diagnosi eta aholkularitza pertsonalizatuak ere indartuko dituzte, horretara baliabideak bideratuta.
Hirugarren atala HEZIBI egitasmoari dagokio. Horrela, 2,3 milioi euro bideratuko dituzte gazteek ikasketak eta lana uztar ditzaten.
Azkenik, 30 milioiko inbertsioa egingo dute lanean ari diren eta gaitasunak hobetu nahi dituzten langileak trebatzeko. "Langileek euren maila hobetzeko aukera izatea nahi dugu, edo enpresa barruko aldaketei egokitzea", azaldu du.
Gainera, ekonomia berpizteko eta enplegua sustatzeko estrategia zabalago bat osatzeko lanean ari direla iragarri du, hurrengo legegintzaldiari begira. Hori izan omen zen lehendakariak hiru ahaldun nagusiekin egindako batzarraren helburua.