Ekonomia -

KORONABIRUSA

Gipuzkoako BPGa % 7 eta % 10 artean jaitsiko dela aurreikusi du Adegik

COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, 12.000 soldatapeko lanpostu pribatu ere gal litezkeela aurreikusi du.

Jose Miguel Ayerza, Adegiko zuzendari nagusia. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Jose Miguel Ayerza, Adegiko zuzendari nagusia
Adegiren ustez, aurten Gipuzkoan 12.000 lanpostu galduko dira

1:08

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adegi Gipuzkoako enpresen elkarteak Gipuzkoako BPGa % 7 eta % 10 artean jaitsiko dela aurten aurreikusi du, eta 12.000 soldatapeko lanpostu pribatu inguru gal daitezkeela COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz. Krisi horren "larritasuna" dela eta, "gastu publikoaren motorra topera" jartzeko deia egin du, eta inbertsio publikoa aktibatzeko eta, "inoiz ez bezala, beharrezkoa bada, zorpetzeko, ekimen pribatuak bakarrik ezin duelako".

Eduardo Junkera Adegiko presidenteak prentsaurrekoa eman du Donostian, Adegiren urteko batzarraren ostean, Gipuzkoako patronalak Gipuzkoako enpresa ehunari egindako azken koiuntura inkestaren emaitzen berri emateko. Inkestaren datuak "serie historikoko txarrenen podiumean kokatzen dira", adierazi du.

Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiarekin eta Patxi Sasigain Adegiko lehiakortasun eta berrikuntza arduradunarekin batera, COVID-19tik eratorritako osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren "larritasuna" azpimarratu du Junkerak, baita une honetan enpresa pribatuak mantentzearen "garrantzia" ere, "Gipuzkoan urtero sortzen den aberastasunaren % 80" sortzen dutelako.

Horren arabera, aurten Gipuzkoako ekonomia % 7 eta % 10 artean jaistea eta 12.000 lanpostu pribatu galtzea aurreikusi du Adegik.

Junkeraren esanetan, Gipuzkoako patronalaren azken inkestaren arabera, enpresarien % 74k uste dute merkatua atzeraldian dagoela, eta % 5ek esan dute bere merkatua suspertzen ari dela. Enpresen fakturazioa % 21 jaitsi da aurtengo lehen lauhilekoan, iazko epe berarekin alderatuta, eta % 41 jaitsi da, apirila soilik kontuan hartzen bada.

Gainera, enpresarien % 74,5ek esan dute salmentek behera egin dutela lehen lauhilekoan, eta % 25,5ek eutsi edo handitu egin dituzte. Enpresarien % 76k eskaera maila ahula dutela esan dute, eta % 25,5eko batez besteko murrizketa izan dutela lehen lauhilekoan, 2019ko epe berarekin alderatuta. Aldiz, ekoizpen-gaitasunaren erabilera-maila % 58ra jaitsi da batez beste, 1991tik izandako mailarik baxuenera.

Langileei dagokienez, enpresen % 66k langile kopuruari eutsi edo areagotu egingo du. Bestalde, enpresarien % 65ek jarduera urtebete baino gutxiagoan berreskuratu ahalko dela uste dute. Sasigainen ustez, baliteke ekitaldia "amaitu baino lehen" izatea, nahiz eta hori jakiteko "zalantza eta ziurgabetasun gehiegi" egon. Baina "ezin dugu enpresa bat bera ere erortzen utzi", azpimarratu du.

Likideziari dagokionez, enpresarien % 64k likideziarako finantza-laguntza behar izan dutela esan du Junkerak, maileguak edo abalak emanez edo zergak atzeratuta. Testuinguru horretan, Adegiko presidenteak beharrezkotzat jo du "gastu publikoaren motorra topera aktibatzea" eta "heterodoxoak" izatea, "espiral negatiboa" apurtzea lortzeko: "enplegu gutxiago, inbertsio eta kontsumo gutxiago, bilketa gutxiago, BPGaren jaitsiera eta berriro hastea".

Horren iritzian, haustura lortzeko, inbertsio publikoa aktibatu behar da, "inoiz ez bezala, beharrezkoa bada, zorpetzeko, ekimen pribatuak bakarrik ezin duelako". "Etorkizuna dugu jokoan", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Koronabirusa Industria BPGd