Ekonomia -
Koronabirusa
Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertain zein autonomoentzako finantzaketa handitu du
Maileguen interesak eta abalen kostuak estaltzeko diru-laguntzak eta konpromiso kredituak sortzea ere baimendu du Eusko Jaurlaritzak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainei, mikroenpresa txiki eta ertainei zein autonomoei laguntzeko finantza-programa mila milioi euroraino handitzea onartu du. Programa horri esker, sei hilabeteko likidezia eta zirkulatzailea finantzatzeko beharrei erantzuteko maileguak formalizatu ahal izango dira.
Neurri horrez gain, Jaurlaritzak maileguen interesak eta abalen kostuak estaltzeko diru-laguntzak eta konpromiso-kredituak sortzeko baimena eman du astearte honetan, guztira 39,4 milioi euro, 2020tik 2025era bitartean Eusko Jaurlaritzak berak jasango dituenak.
Maileguen zenbatekoa 5.000 euro eta milioi bat euro artekoa izango da enpresa txiki eta ertainentzat, eta 5.000 eta 100.000 euro artekoa mikronpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat. Mailegu amortizagarriek % 0ko interesa izango dute, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen baititu. Mailegu-eragiketen epea 5 urtekoa da (aukerako urtebeteko gabealdiarekin). Gainera, Euriborraren % 0,50eko diferentziala aplikatuko zaio, likidazioa hiru hilean behin egingo da eta Elkargik ez du inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.
Finantzaketa-lerro hori Elkargiren bidez gauzatu da, eta enpresen eta autonomoen egitura-gastu finkoei estaldura eman nahi die, enpresa-ehunean duten garrantzia, ekoizpen-jarduera osoan dituzten ondorioak eta handizkako finantzaketa-merkatuetan edo kreditu-erakundeen ildo tradizionaletan sartzeko gaitasun erlatibo txikiagoa dutela kontuan hartuta.
Betebeharrak
Programetara sartu ahal izango dira 250 pertsona baino gutxiago enplegatzen dituzten Euskadiko enpresa txiki eta ertainak, baldin eta horien urteko negozio-bolumena ez bada 50 milioi eurotik gorakoa edo urteko balantze orokorra ez bada 43 milioi eurotik gorakoa. Gainera, onuradunek ezingo dute aurrez azaldutako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa baten % 25eko edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa izan.
Enpresak Euskadin egon beharko dute, eta alta emanda egon beharko dute norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako erregimen berezian. Gainera, PFEZari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionalen etekinak lortu beharko dituzte.