Ekonomia -

Koronabirusa

Alemaniak eta Frantziak 500.000 milioiko berreskuratze-funtsa proposatu dute

Pandemiak gehien jo dituen sektore eta eskualdeetara bideratutako aurrekontu-transferentziak izango lirateke.

"Krisiak erantzun kolektibo bat eskatzen digu, eraginkorra izateko". Argazkia: EFE
Angela Merkel eta Emmanuel Macronen prentsaurrekoa bideokonferentzia baten ostean
"Krisiak erantzun kolektibo bat eskatzen digu, eraginkorra izateko". Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Europako ekonomia berreskuratzeko 500.000 milioi euroko funts bat martxan jartzea proposatu dute astelehen honetan, COVID-19aren pandemiak gehien jo dituen herrialdeei eta sektoreei zuzenduta, soilik aurrekontuen transferentzien bidez.

Hala iragarri dute bi agintari europarrek prentsaurreko batean, bideokonferentzia baten ostean, krisiaren ostean EBko ekonomia bultzatzeko ekimen bateratu bat iragartzeko helburuarekin.

"500.000 milioi euroko eta denboran mugatuta egongo den funts bat nahi dugu, ez dira kredituak izango, COVID-19k gehien kolpatutako sektore eta eskualdeei zuzendutako aurrekontu gastuak baizik", azpimarratu du Merkelek. "Ahalegin handia egin behar da, eta Frantzia eta Alemania prest daude", adierazi du.

"Bizi dugun krisia berria da eta erantzun bat eskatzen eta inposatzen digu, eraginkorra izateko, kolektiboa eta, lehenik eta behin, europarra izan behar duena". "Birusak ez du mugarik eta Europa osoa kolpatu du", adierazi du Macronek.

Frantziak eta Alemaniak 500.000 milioi euroko funts bat sortzeko egindako proposamena urrun dago Europako Batzordeak edo Espainiak planteatzen zuten 1,5 bilioi inguruko planetik, baina Parisek eta Berlinek proposatu dute itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez hiriburuetara bideratzea, eta ez du itzuli beharreko mailegurik jasotzen, Bruselakoak, aldiz, bai.

Merkelek eta Macronek Europar Batasuneko gainerako kideei egindako planteamenduak Europako Batzordeak zorra jaulkitzea ere jasotzen du. Merkatuetan bildutako dirua EBko aurrekontuaren bidez transferituko litzaieke estatu kideei, trantsizio ekologiko eta digitalak bizkortzeko ahalegin berezia eginez.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak proposamena txalotu du, "Europak aurre egin behar dion erronka ekonomikoaren irismena eta tamaina aitortzen duena, eta Europako aurrekontua muinean duen irtenbide baten alde lan egiteko beharra azpimarratzen duena". "Batzordeak lantzen duen proposamenaren norabidean doa", gaineratu du.

Bestalde, Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak esan du "norabide onean egindako urratsa dela", baina gogorarazi du "akordioa lortzeko 27 estatu kideek ados egon behar dutela".

Estrategia berdea eta trantsizio digitala bizkortzea

Frantzia eta Alemaniaren planteamendua dokumentu bateratu batean finkatu da, eta Parisek eta Berlinek azpimarratu dute berreraikitze funtsak Europako ekonomien "erresilientzia, konbergentzia eta lehiakortasuna indartu" behar dituela, trantsizio ekologiko eta digitaletan zentratutako inbertsioen bidez, batez ere.

Lehenengoari dagokionez, Merkelek eta Macronek azpimarratu dute Europako Itun Berdea dela "EBren hazkunde-estrategia berria, zeinak, aldi berean, 2030erako berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko helburuak handitu behar dituen.

Halaber, blokeak "eraldaketa digitala bizkortu" behar du, batez ere 5G sarea zabalduz, zibersegurtasuneko azpiegitura eta teknologietan inbertsioak eginez, "nortasun digitalaren kudeaketa" bultzatuz edo "adimen artifizialaren aldeko" esparrua sortuz.

Ildo berean, Merkelek eta Macronek multinazional digitalei zerga sistema "justu" bat ezartzearen alde egin dute, sozietateen gaineko zergaren oinarri "minimo eta eraginkor" bat osatzeko.

Gainera, bi agintariek nabarmendu dute premiazkoa dela EBk bere estrategia industriala indartzea eta "txapeldunak" sortzea atzerriko multinazionalekin lehiatu daitezkeen esparru industrialetan.

Europako osasun-subiranotasuna

Alderdi ekonomikoez haratago, Berlingo eta Parisko dokumentu bateratuak azpimarratzen du EBk egungo osasun-krisiari eta "etorkizuneko" larrialdiari ematen dion erantzuna blokearen "osasun-subiranotasun estrategiko" berri batean oinarritu behar dela, kanpoarekiko "mendekotasuna murrizteko", adibidez, sendagaien ekoizpenean.

Ondorioz, txertoen eta tratamenduen garapenarekin lotutako I+Gn inbertitzeko gaitasuna handitzearen alde egiten dute, baita estatu kideen arteko koordinazioa hobetzearen alde ere, merkatuetan produktu horiek batera erosteko, "farmazia-industriari ahots bakarrarekin hitz egiteko eta Europan eta munduan sarbide eraginkorragoa bermatzeko".

Ildo berean, produktu farmazeutikoen edo babesgarrien "erreserba estrategiko komunak" sortzea eta Europar Batasunaren barruan produktu horiek "ekoizteko gaitasunak garatzea" eskatu dute.

Azkenik, Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroaren barruan dagoen aditu-talde bat eskatzen dute, etorkizuneko epidemien aurrean prebentzio- eta erantzun-planak egiteaz eta osasun-datuen kudeaketari buruzko Europako arauak zehazteaz arduratuko dena, etorkizunean datu eta estatistika konparagarriak eman ahal izateko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak izango dira espazio itxietan eta kalean, 2 metroko segurtasuna gorde ezin bada, baita garraio publikoan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Europar Batasuna Espainia Alemania Frantzia Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Garapen Iraunkorrerako Helburuak Koronabirusa Larrialdi klimatikoa albisteak Macronen Gobernua