Ekonomia -
Koronabirusa
Zerga-bilketak ia % 17ko beherakada izan du lehen lauhilekoan, EAEn
Koronabirusaren pandemiak jarduera ekonomikoan izan duen eragina dela eta, ogasunek 2019ko epealdi berean baino 770 milioi euro gutxiago bildu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zerga-bilketak % 16,8ko beheraka izan du urteko lehen lauhilekoan eta, ondorioz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ogasunek 770,6 milioi euro gutxiago batu dituzte, 2019ko lehen lauhilekoarekin alderatuta.
Koronabirusaren pandemiagatik ezarritako alarma-egoeraren lehendabiziko ondorioak martxoan antzeman ziren. Zerga-bilketak % 7,19ko jaitsiera izan zuen orduan. Apirilean beherako joerak jarraitu zuen, zenbatekoa % 16,8ra iritsi arte. Hortaz, urteko lehen lauhilekoan 3.802,2 milioi euro batu dituzte zerga bidez.
Beherakada nabarmenena Gipuzkoako Ogasunak izan du: % 24,4koa. 842,3 milioi euro bildu ditu, iaz baino 273 milioi gutxiago.
Bizkaiko Ogasunak 2.457,5 milioi euro batu ditu, iaz baino 426,6 milioi gutxiago. Beraz, % 14,8 jaitsiera izan du.
Arabako Ogasunak, berriz, 502,3 milioi euro bildu ditu, iaz baino 70,7 milioi gutxiago. Hortaz, beherakada % 12,3koa izan da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, jaitsiera horren arrazoi nagusiak hiru dira. Alde batetik, koronabirusaren ondorioz jarduera ekonomikoa gelditu behar izan delako. Bestetik, autonomo eta enpresa txiki eta ertainei martxoko eta apirileko ordainketak atzeratzeko aukera eman zaielako.
Eta azkenik, zergadunei itzuli beharreko dirua emateko prozedura azkartu egin dutelako eta dagoeneko iaz baino 65,2 milioi euro bueltatu direlako.