Ekonomia -
Koronabirusa
Enplegua berreskuratzeko hiru urte beharko direla aurreikusten du Urkulluk
Lehendakariak bilera telematikoa egin du foru aldundiekin, sindikatuekin, patronalekin eta beste hainbat eragile sozio-ekonomikorekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomia pandemiaren aurreko mailara bueltatzeko urtebeteko epea beharko da, baina enplegua berreskuratzeko eta langabezia-tasa % 10etik behera egoteko hiru urte igaroko direla ohartarazi du.
Lehendakariak eta zenbait sailburuk bilera telematikoa egin dute foru aldundietako ordezkariekin, sindikatuekin, patronalekin, Mondragon Taldearekin eta beste hainbat eragile sozio-ekonomikorekin.
Urkulluk adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoa "osasun krisia gainditzen" hasi dela, eta orain "globala eta erabatekoa den krisi ekonomikoari" aurre egiteko unea iritsi dela.
"Ekonomia suspertuko dugula ziur naiz. Gure aurreikuspenaren arabera, jarduera ekonomikoa urtebeteko epea berreskuratuko dugu. Alabaina, suntsitutako lanpostuak berreskuratzeko beste bi urte gehiago beharko ditugu", ohartarazi du.
Enpleguari dagokionez zazpi urtetan irabazitakoa bi hiruhilekotan galduko dela deitoratu du lehendakariak.
Testuinguru horretan, indarrak biltzeko deia egin die eragile sozial eta ekonomikoei, eta enplegua eta ekonomia suspertzeko plan berri bat lantzea ezinbestekoa dela esan du.
"Zalantzaz beteriko egoera honetan erakundeen eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko batasuna eta instituzioen egonkortasuna funtsezkoak izango dira", erantsi du.
Horrez gain, defizitaren eta zorraren baldintzak arintzeko eskatu du, erakundeek egingo dituzten inbertsioak jarduera ekonomikoa eta enplegua berreskuratzera bideratuta egongo direlako.