Ekonomia -
Koronabirusa
Tabernetako terrazak eta denda txikiak maiatzaren 11n irekiko dituzte
Segurtasun neurriak errespetatuz egingo dute, eta, Espainiako Gobernuak hasieran baimendutako aforoa handitu eta gero, terrazen % 50 ireki ahalko da.
Agentziak | Erredakzioa
Tabernetako terrazak eta txikizkako merkataritzako lokalak maiatzaren 11n irekiko dituzte, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak joan den astean iragarri zuenez, Gobernuak lau fasetan banatu duen "normaltasun berrirako" trantsizio-planaren arabera.
Espainiako Aldizkari Ofizialean, bost agindu argitaratu zituzten atzo, igandearekin, deseskalatzearen 0 eta, hainbat kasutan, 1 faseei begira ostalaritza, saltokiak, zerbitzuak, mugikortasuna eta muga sozialak arautzeko.
Espainiako Gobernuak, adibidez, 1 fasetik aurrera tabernako terrazen okupazio maila % 30etik % 50era handitzea erabaki du, eta hamar pertsonara arteko bilerak baimenduko ditu, baita malgutasun handiagoa beilatoki, hileta eta erlijio ospakizunetan ere.
Eramateko janaria, jatetxeetan
0 fasean, maiatzaren 4tik aurrera, jatetxeetan janaria jaso eta etxera eraman ahal izango da, lokaletan kontsumitu gabe.
Maiatzaren 11n, 1 fasean, ostalaritza irekiko da, eremu komunak baztertuz eta murrizketa jakin batzuekin (lokaletako terrazak irekiko dituzte, % 50eko okupazioarekin), eta hamar lagunera arteko bilerak baimenduko dituzte, baita malgutasun handiagoa beilatoki, hileta eta erlijio ospakizunetan ere.
"Tarteko" faserako, markatzaileak betetzen badira, lokalen barne-espazioa irekitzea aurreikusten da, edukieraren heren batekin eta mahaien zerbitzurako bakarrik. Horrela, bada, ezingo da barra zerbitzua erabili.
2 fasean, edukiera murrizketak leunduko dira, baina "baldintza zorrotzak" izango dira bezeroen arteko urruntzeari dagokionez.
Saltokiak, maiatzaren 11tik aurrera irekita
Merkataritzari dagokionez, maiatzaren 11n hasiko da jarduera, 1 fasean, txikizkako merkataritza irekitzeko aukera emango denean, "segurtasun baldintza zorrotzekin": 400 metro koadrora arteko establezimendu eta lokalak ireki ahalko dira, bezeroak hitzordua aurretiaz hartuta sartu ahalko dira eta garbitasun neurri oso zorrotzak gordeta.
Hori bai, ezingo dituzte oraindik ireki aglomerazioak ohikoagoak diren zentro edo merkataritza parke handiak. 65 urtetik gorako pertsonek lehentasunezko ordutegia izango dute fase honetan.
Ekainaren erdialderako aurreikusita dagoen 3 faserako, merkataritza eremuan edukiera % 50era mugatuko da, eta bi metroko gutxieneko distantzia ezarriko da.