Ekonomia -
LANGABEZIA
6.400 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian lehen hiruhilekoan
4.500 eta 1.900 langabe gutxiago izan dira EAEn eta Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak gaur argitaratu duen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera.
AGENTZIAK
Langabeen kopuruak behera egin du urteko lehen hiruhilekoan EAEn, 4.500 pertsona gutxiago (% 4,84) zenbatu baitituzte langabezian. Guztira, 88.800 langabe daude Euskadin, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) astearte honetan argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Estatu osoan izandako langabeen beherakadarik handiena zenbatu du EAEk.
Aurreko urteko hiruhileko berdinarekin alderatuta, 10.800 langabe (% -10,86) gutxiago zenbatu dituzte EAEn. Hala, 2020ko lehen hiru hilabeteak amaitzean, langabezia-tasa % 8,72ra iritsi da Euskadin.
Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria aktiboak % 0,76 (7.800 pertsona gutxiago) egin du behera aurreko hiruhilekoarekin alderatuta eta aurreko urtearekin alderatuta % 1,62 (16.700 aktibo gutxiago) jaitsi da. Hala, jarduera-tasa % 55,28koa izan da (% 59,46 gizonen artean eta % 51,43 emakumeen artean).
Urtarrila eta martxoa bitartean, aurreko hiruhilekoan baino 3.300 landun gutxiago zenbatu dituzte Euskadin, hau da, % 0,35 gutxiago. Beraz, guztira 930.000 langabe daude (482.900 gizon eta 447.100 emakume). 2019ko epe berarekin alderatuta 5.900 pertsona (% -0,63) gutxiago daude lanean.
Nafarroa
1.900 langabe gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan urteko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta egun 26.600 langabe daude, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera.
2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, 1.300 langile (% 4,97) gehiago daude lanik gabe.
Estatuan, 121.000 langabe gehiago daude urteko lehen hiruhilekoan, hau da, aurreko hiruhilekoan baino % 3,8 gehiago, eta 285.600 lanpostu (% -1,4) gutxiago, martxoaren erdialdetik aurrera osasun krisiak eta alarma-egoerak izandako eragina dela eta. Bi kasuetan, langabezia- eta enplegu-erregistrorik okerrenak izan dira 2013tik.
Erreakzioak
Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialen kontseilariak begi onez jo ditu langabeziari buruzko datuak, nahiz eta COVID-19aren "eragin handiaren oso zati txikia" jasotzen duten, Nafarroa krisiaren aurretik "egoera onean" zegoela eta "hobeto suspertzeko indargune handiak" dituela erakusten dutelako.
1.900 langabe gutxiago daudela eta, Maeztuk azpimarratu du "litekeena dela" lanpostua galdu dutenetako asko "ez aktibo" gisa hartzea, "langabe gisa hartzeko baldintzak betetzen ez dituztelako".
Bestalde, Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusiak esan du "oraindik ikusteke" dagoela zein izango den langabeziaren eboluzioa osasun krisiaren ostean, eta "arazo handienetako bat" izango dela uste du.
Gainera, gogor kritikatu du "gure lan merkatuaren ezaugarri nagusietako bat behin-behinekotasuna izatea", "beste herrialde batzuek ez duten gaitza" delako, eta "kolpe batean jende asko kalera joatea" ekartzen duelako.
LABek ohartarazi du koronabirusaren krisiari aurre egiteko ezarri diren neurriekin enpleguaren galera "erraldoia" izango dela, eta horrek "prekarietate eta txirotasun egoeren zabalkundea azkartu" egingo duela. Gainera, langabeziari buruzko datuek ez dutela "egungo errealitatea islatzen" adierazi du.
Ohar batean, sindikatuak gogorarazi du "behin baino gehiagotan" salatu dituela "2008ko krisian hartutako erabakien ondorioak".
UGTk ere, uste du enpleguri buruzko datuak "ilusio bat" direla, eta ez dutela "zerikusirik egungo errealitate gogorrarekin eta bigarren hiruhilekoko datuetan ikusiko denarekin".
CCOO Euskadik, berriz, krisian ezarritako neurriak bertan behera geratzen direnean "kaleratze ugari" egoteko arriskua dagoela uste du, eta datuetan koronabirusaren eragin osoa atzematen ez bada ere, "nabari" dela "adostutako neurriei esker lanpostuei eutsi zaiela".