Ekonomia -
Koronabirusa
Jaurlaritza, Confebask, UGT eta CCOO elkarlanean ari dira, krisia gainditzeko asmoz
Enpleguari eusteko eta langileen segurtasun bermatzeko "neurririk onenak" Elkarrizketa Sozialerako Mahaian adostea da Eusko Jaurlaritzaren asmoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritza, Confebask eta UGT eta CCOO sindikatuak elkarlanean arituko dira koronabirusaren krisitik "denok eta ahalik eta azkarren" ateratzeko.
Elkarrizketa Sozialerako Mahaia gaur goizean bildu da. Han izan dira Jon Azkue Enplegu sailburuordea, Eduardo Arechaga Confebaskeko zuzendari nagusia eta Raul Arza eta Garbiñe Espejo UGT eta CCOO sindikatuetako buruzagiak, hurrenez hurren.
Batzarrean ez da ELA eta LABeko ordezkaririk egon. Sindikatu horiek foro horretan parte hartzeari uko egin zioten.
Koronabirusaren pandemiak eragindako geldialdi ekonomikoaren aurrean eta alarma egoera amaitzen denean hartu beharko diren balizko neurriei buruz aritu dira.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak orain arte esparru ezberdinetan onartu dituen laguntzei buruzko xehetasunak eman ditu.
Bilera amaituta, hiru aldeek elkarlanerako erakutsi duten borondatea azpimarratu du Azkuek. Patronalak eta sindikatuek bere eskariak egiteko eta proposamenak luzatzeko baliatu dute batzarra.
Azkuek azaldu duenez, enplegua mantentzeko eta langileen segurtasuna bermatzeko "neurri onenak" Elkarrizketa Sozialerako Mahaian erabaki daitezela nahi du Jaurlaritzak.